Udan onenen artean arraun egingo du berriro Arkotek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 21a, 19:37

KAE (Kantauriko Arraun Elkartea) ligara jaitsi zen iragan irailean Plentziako Arkote taldea, baina Cabo da Cruzek uko egin dio azkenean San Miguel ligan aritzeari, eta, hortaz, "Plentzitarra" traineruak goi mailako ligan arraun egingo du bosgarren urtez jarraian. TKE (Traineru Kluben Elkartea) ligako arautegiaren arabera, "kirol irizpideak" lehenesten dira, ordezkoa hautatzean, eta Arkote hirugarren izan zen iraileko kanporaketan. Arautegiko puntu hori joan den abenduan aldatu zuten; izan ere, ordura arte, lurraldetasuna lehenesten zen. 2005ean adibidez, Astillero kanporatu zutenean, Laredok bete zuen haren tokia. Joan den asteazkenean aurkeztutako Emakumezkoen Traineru Ligari dagokionez, Getxoko Udalak ere estropadetako bat hartzeko eskaera egin duela zabaldu dute hedabideek. Hala ere, horren berririk ez du oraindik jaso Getxo Arraun Taldeak. Horrela izatekotan, estropada antolatzea egokituko zaielakoan daude klubeko arduradunek. Abuztu hasiera aldera egin ohi du TKEk gizonezkoen estropada Getxoko uretan. Batera zein bestera, litekeena da iaz hainbat estropadetan lehiatutako Getxo, Raspas eta Arkote taldeetako emakumeak Bizkaiko traineruan egotea, beste hainbatekin batera. Argazkian, Arkoteko gizonak irudiaren erdian, orain bi urteko Plentziako ikurrinean.

Euskotrenek hurrengo hiru urtetarako akordioa sinatu du TKErekin Emakumezkoen Traineru Liga babesteko. Urtarrilaren 14an aurkeztu zen Donostian, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren menpe dagoen Eusko Trenbideak sozietate publikoak eta TKE arraun kluben elkarteak, Emakumezkoen Traineruen lehen Liga izango dena babesteko lortu duten akordioa. Ekitaldian buru izan zen Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria eta bertan izan ziren TKE elkarteko presidente Peter Bravo eta horren kudeatzaile Iñaki Mikeo, eta Eusko Trenbideak sozietateko presidente eta Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Guereñu.

Zortzi estropada

Euskotren Ligak zortzi estropada izango ditu aurten, Galiziatik hasita, euskal kostalderaino. Probak mutilenak hasi baino ordu erdi lehenago jokatuko direla adierazi dute antolatzaileen. Horrek ere zalantzak sortu dizkie Getxo Arraun Taldeko arduradunei. Izan ere, "nahiz eta erdia bogatu behar ezinezkotzat" jotzen dute, "batez ere irteera atzeratu edo baliogabetzat ematen badute". "Ondo ibiltzeko gutxienez ordu bete beharko litzateke proben artean", gaineratu dutenez. Euskotren Ligak 4 parte hartzaile izango ditu, Galiziak traineru bat izango du, Kantabriak beste bat eta Bizkaiak eta Gipuzkoak bana. Estropada bakoitzean 7.500 euro banatuko dira lau taldeen artean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun