Orain, Askatasuna, 1998an sortutako alderdi politikoa, hauteskundeetara aurkezteko izapideak hasi dituela hedabideengatik jakin ahal izan dugu. Alderdi hori Batasunak ordezkatzen duen Ezker Abertzaleak martxoaren 1ean parte hartu ahal izateko egin duen saiakera dela jakintzat jotzen dute.
Nik, hedabideek dioten haratago, ez daukat hori horrela denetz baieztatzeko datu nahikorik. Horrelakorik egiaztatuko balitz, berriro ere EAE eta EHAK hauteskundeetara eraman zituen estrategia bera errepikatuko litzateke. Alegia, lehenengo zerrenda bat aurkeztea, jakinda ilegalizatua izango dela eta, aldi berean, beste alderdi bat sustatzea, ezin izango dena ilegalizatu edo bere jarduerak ezin izango dituztenak eten.
Baldintza hauetan, sinatzera joateko deialdia ez egitean asmatu genuelakoan nago. Izan ere, hiritarrak ahalegina egiteko dinamikan murgilduta daude berriro, plataformaren suspertzaileek ahalegin hori Alderdien Legea salatzeko balio sinbolikoa besterik ez duela dakitenean. Gainera, plataforma bat ilegalizatu dutelako hauteskundeak antidemokratikoak direla esateko erabiliko dira sinadura horiek.
Ezker Abertzalea ordezkatzen duen Batasunak dinamika hori nora bideratzen duen hausnartu beharko luke. Askatasunak ordezkariak lortu eta legebiltzar taldea eratuko badu eta ondoren ilegalizatua bada, Batasuna eta EHAK-rekin ezagunagoak zaizkigun egoerak biziko ditugu berriro.
Beharrezkoa da sektore politiko horrek azterketa errealista egitea, estrategia hori eusteko baino ez baita baliagarria, eta ez Arnaldo Otegik berak proposatzen duen bezala, irabazteko. Irtenbidea politikaren aldeko ezbairik gabeko apustutik igarotzen da. Esaldi horrekin ez nator proposatzera Batasunak indarkeria gaitzetsi dezan, baizik eta ETAk bidea zabalik utz dezan, indarkeriari amaiera emanez. Berriro diot ETA presente egon arren ere Batasunak hauteskundeetara aurkezteko eskubidea duela. Proposatzen dudana zera da, norabide aldaketa baten beharra. Izan ere, egungo norabideak gertaera berdinen etengabeko errepikapenera eta bakea eta normalizazioranzko aurrera egitea bermatuko duten etorkizuneko konponbideak bilatzeko gaitasun ezara garamatza.
Paul Rios Lokarriren koordinatzaile nagusiak atzo paulrios.nireblog.com bere bitakoran argitaratutako artikulua. Erredakzioan itzulita.