Epaiaren zain gelditu zen atzo, Pagoa Zulueta eta beste hamaika euskal herritarren aurka, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin duten epaiketa. Eneko Perez eta Koldo Rosado nafarrei akusazioa kendu bai, baina Pagoa Zulueta leioaztarraren eta gainontzeko bederatzi lagunen kontrako zigor eskaera berretsi zuen herenegun fiskalak. Leioako gazteari 7 urte t'erdiko espetxe zigorra eskatzen diote, ETAri laguntza eman ziolakoan. Besteak beste, Iñaki Bilbao ETAko kidea Frantziara eramatea leporatzen diote. Egun, 45 urteko espetxe zigorra betetzen ari da Bilbao, 2002ko martxoan gertatu zen Juan Priede Orioko PSE-EEko zinegotziaren hilketagatik kondenatu ostean. Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, Iñaki Bilbao "osabatzat" daukala aipatu eta Frantziara eraman zuela onartu ei zuen epaiketan Zuluetak, baina ez zekiela bidaiaren arrazoia zein zen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ordea, beste lekukorik ezean, deklaratu duten polizia ugariek botatako "kontraesanak" salatu ditu, "auziperatu guztiek akusazioak era borobilean ezeztatu duten bitartean". Argazkian, 2005ean Zuluetaren alde egindako manifestazioetariko bat.