Kafe Antzokia: "etorkizuna kinka larrian aforoaren arazoa konpondu ezean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 22a, 16:03

Hamahiru urteotan Bilboko eta Euskal Herriko kulturgintzari egin diogun ekarpenak porrot egingo du eta, harekin batera, neke handiz sortu ditugun 50 lanpostuak galduko dira, bere aforoaren erdiarekin Kafe Antzokiaren jardunbideak ez baitira bideragarriak. Hamahiru urteren ostean, begien bistakoa denez, Kafe Antzokiak bi xede nagusi eskuratu ditu, alde batetik, hemengo zein kanpoko kulturen agertoki bihurtu da eta, bestetik, aditu askok diotenaren arabera, kultura emanaldiei dagokienez, bere edukiera mailako aretoen artean, Europako laugarren garrantzitsuena da. Ahaztu gabe inola ere Euskal Herrian zein atzerrian herrigintza eta kulturgintza ulertzeko eta gauzatzeko modu berri baten asmatzailea ere izan zela Kafe Antzokia, geroztik Euskal Herrian bertan talde askoren eredugarri gertatu dena eta atzerrian ere oihartzun handia izan duena. Harrokeria izpirik gabe, esan genezake, denbora tarte hau igarota, Kafe Antzokia Biboko eta bilbotarren ikurretako bat dela, euskara jakin zein jakin ez, jendeak hasieratik bere egin duena, herri ekimen batetik sorturiko egitasmoa dela jakinik. Argazkian, Doctor Deseo Kafe Antzokian 2008ko apirilaren 19an / Iker Merodio.

Orain segurtasunaren aldeko neurri zorrotzegi bat dela kausa, kinka larrian geldi daiteke Kafe Antzokiak urteotan lortutako guztia. Segurtasunari berez duen garrantziari ezertxo ere kendu gabe –gogora dezagun, bide batez, Kafe Antzokiak beti bermatu duela bere bezeroen segurtasuna eta gure aretoari legeak aitortzen dion baino aforo handiagoa dagokiola–, neurriz gaineko zigor administratibo baten ondorioz, hamahiru urteotan Bilboko eta Euskal Herriko kulturgintzari egin diogun ekarpenak porrot egingo du eta, harekin batera, neke handiz sortu ditugun 50 lanpostuak galduko dira, bere aforoaren erdiarekin Kafe Antzokiaren jardunbideak ez baitira bideragarriak.

Honetaz ari garela, esan dezagun argi, Kafe Antzokia bera galtzeaz batera, bertatik ateratako etekinen bidez Zenbat Gara elkarteak abian jarri dituen beste makina bat ekimen ere bertan behera geldituko liratekeela, diruz handik bakarrik elikatzen direnez gero.
Duela hamahiru urte Zenbat Gara elkarteak Bilboko Kafe Antzokia abiarazi zuenean, bertako arduradunek argi eta garbi zeukaten Kafe Antzokiaren jardueraren funtsa kulturaren adierazpide guztiak batzean zetzala, beti ere euskararen ikuspegitik landuta, eta adierazpide haietan, kulturaren ohiko ikuskizun arrakastatsu eta distiratsuez gain, herritarrentzako elkarguneak eskaini behar zirela eta beraietan herritarren arteko harreman jatorrak bideratu behar zirela ezinbestean. Bestela esanda, ezin argiago zeukaten kultura hitza adiera zabal batean ulertu beharra zegoela.

Hitz laburrez esanda, euskal kulturak hauexek galduko ditu, Kafe Antzokia itxiz gero:

• Bilboko Kafe Antzokia bera

Oraingo arau eta neurrietan, ez bailitzateke bideragarria izango. Eta era horretan, tamalez, arestion genioenez, euskaratik beretik auzolan eta kooperatibismoaren ildotik euskalgintzan sorturiko esperientziarik mamitsuenetako bat hutsean geldituko litzateke. Herritarrek, horretara, euskal kulturaren erreferente bat galduko lukete, berriz ere erdararen itsaso handian noraezean geratuz; euskal kulturak garrantzizko plaza bat galduko luke, gure kulturgileei beti itzala eta babesa eman izan diena; Bilbok bere izate euskaldunaren zati bat galduko luke eta, musika eta ikuskizunen arloan, nazioarteko eszenan egoteari utziko lioke, hain segur.


• Ondarroako Kafe Antzokia

Bilboko esperientzia arrakastatsua ikusirik, duela zazpi urte Ondarroan beste kafe antzoki bat eraikitzea erabaki zuen Zenbat Gara elkarteak. Helburuak, azken finean, oso antzekoak ziren arren, bazuten, hala ere, berezitasun bat, Bilbokoak ez zuena, alegia: Bilbo ez bezala, Ondarroa herri zeharo euskalduna da eta, hortaz, ez zen hain beharrezkoa hizkuntzaren presentzia eta erabilera sustatzea, baina bai, ordea, halako komunitate euskaldun batek bere hizkuntzan dituen premia kulturalei erantzutea. Herriaren premia kulturalei erantzutea bertakoekin batera batetik, eta adin guztietako ondarrutarrei alor askotan euskara hutsez jardungo zuen azpiegitura egoki bat eskaintzea.

• Bilbo Hiria irratia

Euskara adierazpide eta hedabide gisa aldameneko herrietara zabaltzeko ahaleginetan, orain dela hamaika urte euskara hutsez emititzen duen Bilbo Hiria irratia sortu genuen. Egungo egunean zazpi-zortzi orduz emititzen du eta bere uhinetatik denetariko saioak aireratzen dira: albisteak, magazinak, solasaldiak, musika, kultura saioak, eta abar, eta horietan joera eta pentsaera guztietako euskaldunek dute hitza. Adibide gisa, esan dezagun une honetan 45 kolaboratzaile ditugula, arlo eta ildo guztietatik etorritakoak. Bilbo Hiria irratiak kostu handia dauka, baina, euskarazko hedabideek Bilbon duten presentzia urria ikusita, ahaleginak merezi duelakoan gaude.

• Kurkuluxetan umegunea

Orain dela hamahiru urte Kurkuluxetan umegunea martxan jarri genuenean, Bilboko haur euskaldunek ez zeukaten ezelango eskaintzarik bere aisialdiaz euskaraz gozatzeko. Horrexegatik sortu genuen umegune hau Kafe Antzokiaren altzoan eta berotasunean, urriaren hasieratik ekainaren amaierara arte gure umeei era guztietako eskaintza ludiko-formatiboak eskaintzeko asmoz. Kulturaren kultura lantzen dugu umetxoekin, euskara eskolaz landa ere dagoen hizkuntza dela eta haren bidez dibertitu daitezkeela kontura daitezen. Iganderoko “Olgetan” ikuskizunaz gain –pailazoak, txotxongiloak, antzerkia, magia, …–, Antzeztegia (Arte Eszenikoen Eskola) eta kantu eta musika topaketak ere antolatzen ditugu. Ahaztu gabe Ane Monna, Oskola eta Karramarroi haur antzerki konpainia sortu dugula eta dagoeneko 4 ikuskizun plazaratu dituela eta 100 bat emanaldi eskaintzen dituela urtero Euskal Herrian zehar.

• Ikastaroak eta tailerrak

Zenbat Gara kultura elkarteak jakintza alor zenbaitetan urtero antolatzen dituen ikastaroak eta herritarrei eskaintzen dizkien jarduera tailerrak ere bertan behera geldituko lirateke. Sei ikastaro mota ezberdin eta 25 jarduera tailer eskaintzen ditugu une honetan Kafe Antzokian.

Hauezaz gain, denboraren premiak eraginda, oraindik aztertzerik eta neurtzerik izan ez ditugun beste ondorio batzuk gerta litezke gainerako arlo guztietan.

Kafe Antzokiak kafeantzokia.com bere webgunean atzo argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun