Lan erakundeek plazaratutako adierazpena:
Palestina askatu! Boikot Israel
Gazako sarraskia, egungo Israelgo Gobernua osatzen duten guda kriminal taldeak agindua eta armada genozida batek gauzatua, desafio irekia bilakatu da Nazio Batuek ordezkatzen duten nazioarteko komunitatearen aurka. Lehen biktima herri palestinarra da, etengabeko tiroketa eta bonbardaketak jasaten ari baita inor bereizi gabe, eta horien ondorioz, mila hildako baino gehiago eta milaka zauritu izan baititu dagoeneko. 2009ko urtarrilaren 15ean gainera, NBEren eraikin bat suntsitu zuten, hain zuzen ere erakundearen zuzendari nagusi Ban Ki Moon gobernu sionistarekin hizketan ari zen bitartean; hortxe dugu gobernuek eta nazioarteko antolakunde eta auzitegiek berehala zigortu beharreko jarreraren beste erakustaldi bat.
Gazako sarraski honetan, Israelgo Gobernuak ohiko jomugatzat dauzka ehunka adin txikiko eta emakume. Eraso itsu honek, legezko defentsa aitzakiatzat hartuta, zigor kolektiboa inposatzen die Gazako zerrendako palestinar guztiei. Gainera, armada sionista eskolak suntsitzen ari da, ospitaleen aurka obusak jaurtitzen, elikagai biltegiak suntsitzen, nazioarteko prentsaren zentroa erasotzen… Eskalada militar hau ordainarazi egin behar zaie bere arduradunei, bestela betirako lurperatu beharko ditugu munduko gizartearen berme izan behar luketen nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak.
Sarraski hau Israelek antolatu du legezko defentsaren aitzakiapean, baina ezin du Palestina eta Israelen arteko gatazkaren benetako arrazoia ezkutatu, Palestinako lurraldearen indarrezko okupazio eta kolonizazioa alegia. Bide bat baino ez dago Israelek eskatzen duen erabateko segurtasuna lortzeko: okupazioa amaitzea eta bertako asentamenduak desegitea. Israelek men egiten ez dien arren, Nazio Batuen 46 ebazpenak bere baitan hartzen dituen nazioarteko legalitatea betez soilik lortuko du bere segurtasuna. Herri palestinarrak bere eskubide guztiak lortzen dituen arte, Israelek ez du legitimitaterik izango bere segurtasuna erreklamatzeko.
Lehenbizi, Gazako biztanleen lurraldea zigilatu, isolatu eta bahitu egin zuten, eta azkenean bonbardatu, baina fosforo zuria ere erabili zuten Nazio Batuetako funtzionarioek salatu dutenaren arabera. Israel burutzen ari den genozidio honen aurrean, gobernuek eta nazioarteko antolakundeek jarrera morala eta politikoki arduratsua hartu behar dute:
- Hartu beharreko lehen neurria salaketa eta harreman diplomatikoak haustea da, Israel Nazioarteko Zuzenbidea betetzera behartzeko. Horixe eskatzen diogu behin eta berriro Espainiako gobernuari.
- Europar Batasunak bertan behera utzi behar du Israelekiko duen Elkartze Akordioa, eta Giza Eskubideak behin eta berriro bortxatzeagatik dagozkion zigorrak inposatu.
- Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluak berehala igorri behar du Israel kondenatzen duen ebazpen bat, bertan exijituz behin betiko su-etena, bere soldaduak Gazako zerrendatik erretiratzea eta baita ere bertako kanpo komunikazioak irekitzea inongo baldintzarik gabe.
- Nazioarteko "ad hoc" Auzitegi Penal bat sortu behar da Israelgo gobernuko kideak epaitzeko, bereziki Olmert Lehen Ministroa, Barak Defentsa ministroa eta Lovni Atzerri ministroa, beraiek baitira masakre honen buru.
Neurri hauekin batera, hiritar zibilei eskatzen diegu, ahal duten neurrian, erabateko boikota egin diezaietela Israelgo Estatua ordezkatzen duten produktu eta kultur edo kirol ekitaldi guztiei, munduko gainerako herrialde guztiak bezala nazioarteko legalitateari atxiki arte, eta palestinarren aurkako politika arrazista eta baztertzaileak bertan behera utzi arte. Era berean, euskal enpresei eskatzen diegu Israelekiko merkataritza loturak badauzkate, bertan behera utz ditzatela.
ELA, CCOO, LAB, EHNE, UGT, EILAS, ESK, USO, HIRU, CNT, CGT