Sare Antifaxistak zabaldu duenez, 2008ko hasieran, ekitaldiak egiten ibili zen "ezkutuan" Algortan, eskuin muturreko talde berria. Orain urte bete pasa, urtarrilaren 14an, aurkeztu zuten Ereaga hondartza ondoko hotel "ezagun" batean, NEGIZ-Baskonia elkartea. Aipatu talde faxistak ez du ostalaritza establezimendu horren izena ematen bere webgunean. Hori bai, bertan, Euskal Herri osotik etorritako pertsonak egon zirela diote. "Nova Europa" Gizarte Ikerketa Zentroa (NEGIZ) aurkezteko baliatu zuten ekitaldia, euren hitzetan, "Euskal Herrian nazionalsozialismoaren sugarra itzaltzen ez uzteko". Bigarren ekitaldia toki berean egin zuten, martxoaren 31n. Espainiatik etorritako jendea ere bertan zela, "Democracia show" izenburuko hitzaldia eman zuen eskuin muturreko pentsaera nabarmena erakusten duen Joaquim Bochaca idazleak. NEGIZ-Baskoniak ekitaldi gehiago egiteko asmoa daukala ohartarazi du Sare Antifaxistak; baita euren "mugimenduei adi" egongo direla adierazi ere. Argazkian, NEGIZ-Baskoniaren aurkezpena / Nova Europa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!