Larunbatean salatuko dute berangoko emakume bati egindako bortxaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 23a, 01:45

“Sexu erasorik ez! Emakumeen kontrako indarkeria ez dugu onartzen!" lelopean kontzentrazioa egingo dute bihar, larunbata, Berangoko Sabino Arana kalean. Bertako ezker abertzaleak iragarri duenez hitzordua eguerdiko 13:00etan jarri dute eta Berangoko bizilagun guztiak bertaratzera deitu dituzte. Mobilizazio horren bidez, pasa den larunbatean, Berangoko emakume baten aurka egindako sexu erasoa salatu nahi dute: "ezker abertzaleak mota honetako erasoak gogor arbuiatu nahi ditu". Gainera, bortxaketa, mehatxuak, jipoikak edota erailketa bezalako muturreko erasoez gain, horren iturburua den "zapalkuntza patriarkala" deitoratu dute. Ezker abertzaleko kideen ustez, "emakumeenganako indarkeria egiturazkoa da, jendarte eredu sexista batean bizi garelako pairatu behar ditugu". Azkenik, Udalaren jarrera kritikatu dute "isilik" egoteagatik. Herrizaingo sailak zabaldu zuenaren arabera, Berangoko diskoteka batean ezagutu ziren biktima eta erasotzailea eta batetik bestera ibili ostean azken horrek landa baztertu batera eraman eta sexu eraso egin eta diru-zorroa lapurtu zion emakumeari. Ordu batzuk beranduago 27 urteko ustezko erasotzailea atxilotu zuen Ertzaintzak, diskotekan. Bestalde, gaur ere mota bereko beste sexu eraso batengatik Plentzian elkarretaratzea izango da "Piruli"n, 20:00etan. Argazkian, azaroaren 25eko elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan.

Berangoko ezker abertzalearen oharra:

Komunikatu honen bitartez, Berangoko ezker abertzaleak aurreko larunbatean, urtarrilak 17, izandako gertaera salatu nahi du.

Gaueko hiru eta erdiak aldera, neska bati sexu erasoa egin zioten Berangoko landa batean. Biktimaren arabera, 27 urteko erasotzailea herriko diskoteka baten atarian ezagutu zuen. Larrabasterrako beste taberna batera elkarrekin joan ostean, autora itzuli eta gidariak landa batera abiatu zen. Bertan, erasotzaileak emakumea lapurtu eta harreman sexualak izatera behartu zuen. Beste gidari bati esker emakumea Sabino Arana kalera itzultzen ari zenean, eraso egin eta poltsa lapurtu zion gizona diskoteka batean sartzen ari zela ikusi zuen. Ordu batzuk geroago erasotzailea atxilotu eta epailearen aurretik igaro ondoren Basauriko kartzelan espetxeratu dute. Emakumea, bere aldetik, Gurutzetan artatu behar izan zuten.

Ezker abertzaleak mota honetako erasoak gogor arbuiatu nahi ditu. Euskal Herrian emakumeon indarkeria sexistaren aurkako adierazpen ugari pairatu behar izan ditugu: erail gaituzte, bortxatu, mehatxu egin, jipoitu... Ez dira eraso isolatuak, zapalkuntza patriarkalaren ondorio zuzena baizik, diskriminazioaren eta sexuen arteko botere harremanen erakusle latzak. Emakumeenganako indarkeria egiturazkoa da, jendarte eredu sexista batean bizi garelako pairatu behar ditugu; eta sexismo horren eraginez emakumea gizonen menpe kokatzen du jendarte eredu honek eremu guztietan: politiko, ekonomiko eta kulturaletan hain zuzen.

Zentzu berean, Udalaren jarrera salatu nahi dugu, gure herrian gertatu den larritasun handiko gertaera honen aurrean isilik mantentzeagatik; herritarrak informatu barik eta bere gaitzespena eta erantzuna kaleratu gabe.

Horregatik, ezker abertzaleak Berangoko bizilagunak deitu nahi ditu hurrengo larunbatean, urtarrilak 24, eguerdiko 13:00etan Sabino Arana kalean burutuko duen kontzentrazioan parte hartzera, “Sexu erasorik ez! Emakumeen kontrako indarkeria ez dugu onartzen!”, lelopean.

Berangoko ezker abertzalea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun