Espainiako Polizia Nazionalak Itzubaltzeta / Romoko Kalamua kalea hartu du 3:15ak aldera, lekukoek UKBERRI.NETi adierazi diotenez. Lekukotasun horien arabera, Iker izeneko pertsona bat atxilotu egin dute eta bertan miaketaren bat egiten ari dira.
"El Mundo"ren arabera, dagoeneko ezker abertzaleko 10 lagun atxilotu dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, Baltasar Garzonek agindu eta goizaldeko 2:30etik aurrera Bilbotik zuzentzen ari den
D3M plataformaren aurkako operazioan. Gainera, D3Mrekin lotutakoei Batasunaren zuzendaritza berria izatea leporatzen die Garzonek. Hainbat miaketetan Askatasuna Batasunarekin lotzeko dokumentuen bila ari dira,
Europa Press-ek zabaldutakoaren arabera. Besteak beste, Bilbon Joserra Etxebarria eta Arantxa Urkaregiren etxeak miatzen ari dira, biak Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak direla. Horretaz gain,
"El Pais"-en arabera, oraingoz, 8 dira atxilotuak, Bizkaian Tasio Erkizia ere atxilotu dutelakoan. Aitor Bezares Arabako legebiltzarkidea Gasteizen harrapatu dute, Iñaki Olalde Agurainen eta Agurtzane Salaberria Usurbilen. Guztien etxeak miatzen ari dira eta gutxienez beste bi etxebizitzatan ari da Polizia, Iruñean eta Donostian. Guztira, 18 miaketa. Argazkian, Espainiako Poliziako agente bat Kalamua kalean.