Iker Rodrigoz gain Eli Zubiaga algortarra ere atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 23a, 09:09

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Askatu.org bitakoraren bidez baieztatu duenez, Uribe Kostan bi izan dira goizaldean egindako atxiloketak. Espainiako Polizia Nazionalak Eli Zubiaga atxilotu du Algortan eta Iker Rodrigo "Cabezon" erandioztarra Itzubaltzeta / Romoko Kalamua kalean. Oraingoz Zubiagaren atxiloketaren inguruko daturik ez dago. Rodrigoren kasuan, berriz, poliziek goizeko 7etan eraman dute, auto batean. Lutxanakoari animoak eta balizko beste espetxeratuen berri ematen ari ziren dozena pare bat lagunen aurka oldartu dira poliziak, borraz zein pilota-jaurtigailuz. Miaketa goizaldeko 2:30ean hasi da, baina ordu hori baino lehen, Rodrigok mugimendu arraroak somatu ditu inguruan eta senide eta lagunei deitu die atxiloketaren berri emateko. "Badatoz" esan dio koadrilako lagun bati. Gauzak horrela, poliziek operazioari ekin baino lehen Ikerren ama berarekin izateko aukera izan du. Ondoren, poliziak sartu dira etxean dena miatzeko. 2:30etarako, lehenengo lagunak bildu dira itxita zegoen Kalamua kaleko inguruetara, eta Polizia hiru aldiz oldartu zaizkie. Miaketaren ostean hainbat kutxa atera dituzte, pisu arinekoak, eta Rodrigoren gurasoak etorri diren autoaren paperak miatu dituzte. Bestalde, Polizia herrian mantentzen ditu hainbat furgoneta eta Erandioko ezker abertzaleak iragarri du mobilizazioa izango dela gaur 20:00etan Altzagan. Argazkian, Iker Rodrigo, autoan bi polizien artean. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Bestalde, momentuz, zortzi atxilotuen nortasuna baino ez du egiaztatu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: aipatutako Eli Zubiaga eta Iker Rodrigo, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra, Imanol Nieto sestaoarra, Usurbilgo Agurtzane Salaberria eta Donostiako Hodei Egaña. Araban, Iñaki Olalde eta Amparo Lasherasen atxiloketak egiaztatu dituzte, Agurainen eta Gasteizen, hurrenez hurren.

AAMren oharra:

Espainiar Polizia atxiloketak burutzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Garzon epailearen aginduz hainbat independentista atxilotu dituzte goizaldean. Komunikabide hainbatek hauteskunde zerrendekin lotu dute operazioa.

Shanti Kiroga eta Mrine Pueyori elkarrizketak:

Shanti Kiroga (mp3).

Marine Pueyo (mp3).

Gipuzkoan:

Agurtzane Solabarrieta (Usurbil)

Hodei Egaña (Donostia)

Bizkaian:

Eli Zubiaga (Algortan)

Iker Rodrigo (Erromon, Erandiokoa izatez)

Arantza Urkaregi (Bilbon)

Imanol Nieto (Sestao)

- Joxerra Etxeberria eta Tasio Erkiziaren etxeak miatu dituzte.

Araba:

Iñaki Olalde (Agurain)

Amparo Lasheras (Gasteiz)

- Aitor Bazares ez dute atxilotu, eta bere etxea ere ez dute miatu.

- Fernando Antiaren bi etxe miatu dituzte.

Nafarroan:

- Shanti Kiroga eta Marine Pueyoren etxeak miatu dituzte.

Atxilotuak igandean eramango dituzte epailearen aurrera. Orain Madrilera bidean dira eta inkomunikatuak ditu Garzonek.

AAMren balorazioa:

Gaur goizaldean espainiar poliziak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan burutu dituen atxiloketen aurrean honakoa adierazte dugu:

Espainiar gobernuak aurrera daraman estrategia errepresibo ero baten azken kapitulua dira atxiloketok. Independetista izatea atxiloketekin eta espetxearekin ordaintzen da Euskal Herrian, lan politikoa errepresio basatiarekin zigortzen da Euskal Herrian.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeetarako hilabete falta denean ordezkari politikoen aurkako atxiloketak masiboki burutzeak adierazten digute espainiar gobernuak ezarritako salbuespen egoera norainokoa den. Demokraziaren oinarrizko printzipioei burla egiten die behin eta berriz espainiar gobernuak.

Euskal Herrian ez dago sufragio unibertsalik. Euskal herrian ez dago hauteskunde librerik. Euskal Herrian ezin du edonork hautgai izan. Euskal herrian milaka laguni ukatzen zaie bozkatzeko eskubidea. Guzti honetaz gain gaur esan dezakegu Euskal Herrian hauteskundeetara aurkeztu nahi izateak polizia operazio eta espetxea dakarrela ordainetan. Zein demokrazia eredu da hau?

Independentismoaren aurkako gurutzadan urrun joateko prest daudela erakutsi digute beste behin Zapaterok eta Rubalcabak. Denak balio du independentismoaren aurka: ordezkari politikoen atxiloketa masiboek balio dute, espetxeak betetzeak balio du, torturak balio du, ilegalizazioak balio du. Ongi erakutsi dute beste behin urrun joateko prest daudela bide errepresibo itsu honekin.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egin nahi dugu eraso berri honen aurrean erantzutera, besteak beste gaur arratsaldean hainbat herritan burutuko diren mobilizazioetan parte hartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun