D3Mren aurkako operaziotzat jo ditu atxiloketak AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 23a, 17:26

Baltasar Garzon epailearen aginduz, gaur goizaldean Espainiako Poliziak burututako operazioa Demokrazia 3.000.000 (D3M) herri plataformaren aurkakoa izan dela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Errepresioaren kontrako erakundearen hitzetan, "helburua hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrendak egon daitezen ekiditea da". Hausnarketa berbera eginez, "errepresioaren aurrean, denok sinatzera" joatera deitu du D3Mk. Espainiako Barne Ministerioak, ordea, atxiloketak "orain bederatzi hilabete abiatutako polizia operazioaren emaitza" direla esan du. Atxilotuak ustez Ekin eta Batasunarekin lotura daukatela adierazi eta zortziak "Batasunako Mahai Nazional berriko kide" liratekeela aipatu du Espainiako Gobernuak. Guztiak inkomunikatuta daude eta Madrilera eramango dituzte. Igandean eramango dituzte epailearen aurrera. Bitartean, EILAS eta LAB sindikatuek deituta, dozenaka lagunek egin dute manifestazioa (irakurri adierazpena, pdf-n) eguerdian, Erandio eta Leioako campusean, Arantza Urkaregi bertoko irakaslea eta gainontzeko lagunak aska ditzatela exijitzeko. Arratsaldean, berriz, mobilizazio bana izango da 20:0etan, Altzagan eta Algortako Telletxe plazan. Izan ere, Eli Zubiaga eta Iker Rodrigo "Cabezon" erandioztarra ere atxilotu dituzte, Algortan eta Itzubaltzeta / Romon, hurrenez hurren. Argazkian, Leioako campusean egindako manifestazioa.

Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintza Demokrazia 3.000.000 (D3M) herri plataforma eta Askatasuna alderdi politikoa aztertzen zebiltzala zabaldu zuten atzo hedabide ugarik. Baita, euren lehen datuen arabera, bi erakunde haiek Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin "lotura" dutela gaineratu ere. Bada, gaur goizaldean, zortzi euskal herritar atxilotu ditu Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Horien artean, Amparo Lasheras D3M plataformako ordezkaria atxilotu dute Gasteizen eta Fernando Antia D3Mren Arabarako bultzatzailearen etxea goitik behera miatu egin dute. Espainiako Barne Ministerioak, ordea, atxiloketak "orain bederatzi hilabete abiatutako polizia operazioaren emaitza" direla adierazi du prentsa ohar bidez. Zortzi lagunak Batasuneko Mahai Nazionala berrosatzen eta horren kide liratekeela diote. Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoaren etxea ere miatzen ibili dira. Horrek "ezker abertzalearen proiektu politikoaren kontrako eraso garbitzat" jo du operazioa. "Kontrolatu eta kriminalizatu nahi dute pentsamendu eta proiektu politiko bat", salatu du Erkiziak.

Miaketa ugari

Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 18 miaketa egin dituzte 300 bat poliziek. Horien artean, 14 etxebizitza, Herria Aurrera (Bilbo) eta Gasteiz Izan herri plataformaren egoitzak eta lehenengoaren biltegi bat, eta Usurbilgo AEKko euskaltegian izan dira. "Ekin, Batasuna eta horien menpeko beste erakunde batzuen dokumentazioa eta material informatiko ugari" aurkitu dutela diote polizia iturriek. Garzon ez ezik, Vicente Gonzalez Mota eta Dolores Delgado fiskalak ere egon dira Bilboko miaketetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun