Udal langileek euskara jakin behar ez izatea nahi du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 23a, 20:48

Krisialdiaren mozorroarekin jantzi du gaurkoan Getxoko PPk, Udalean lanpostua eskuratzeko hizkuntza eskakizuna ezeztatzeko aldarria. Erabilitako datuen artean, Espainian langabeziak %2,58 egin duela gora eta 3.200.000 langabetu gehiago daudela aipatu du Marisa Arrue popularren tokiko bozeramaileak. Bere hitzetan, "enplegua sustatzeko ekimena" da urtarrilaren 30eko udal batzarrean aurkeztuko dutena. Gauzak horrela, 2009an sortuko diren 79 lanpostuetatik langile bat bera ere euskara maila frogatu behar ez izatea eskatuko du, osoko bilkuran, Getxoko PPk. Herritar guztiei "aukera berdinak ematea" ere bada, Arruek dioenez, proposamenaren helburua; baita "jende askoren bazterketa saihestea" ere. Alderdi Popularraren arabera, "soberan" betetzen du Getxoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilerarako eta Normalizaziorako Legeak markatzen duen gutxieneko kopurua. Arrueren hitzetan, "euskara maila frogatuta dauka udal langileen %53,2k, eskatzen dena %33,2 denean". Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailea aurreko prentsaurreko batean.

Ildo horretan, udalerrien artean bereizketak ere egin nahi izan ditu Getxoko PPren bozeramaileak. Arruek dioenez, "Getxo edo Markina ez dira gauza bera. Gurean, getxoztarren %87,8k du gaztelania ama hizkuntza eta %9,2k baino ez du erabiltzen euskara etxean. Ezin da kontu politiko batengatik pertsona batzuk lehenetsi eta besteak baztertu". Udalerriekin jarraituz, Getxo eta Barakaldoren arteko "aldea" zein den "zehaztu" nahi izan du zinegotzi popularrak. Ezkerraldeko tokiko erakundean -PP eta PSE-EEk osatzen dute udal gobernua- ez bezala, aparejadore izateko, ingeniari tituluaz gain, nahitaezko hizkuntza-eskakizuna du lanpostu horrek udal getxoztarrean; eta hori ez zaio ondo iruditzen Arrueri. Bere ustez, euskara "arrazoizko merezimendua" izan beharko litzateke, "inoiz ez betebeharra".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun