Azken atxiloketak salatu dituzte Erandion eta Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 23a, 23:17

Gaur iluntzean, 250 bat lagunek egin dute manifestazioa Altzagan, Baltasar Garzon epailearen aginduz Espainiako Poliziak goizaldean egindako atxiloketak salatzeko. Horien artean, Lutxana auzoko Iker Rodrigo "Cabezon" atzeman dute Itzubaltzeta / Romon. Besteak beste, "demokraziaren izenean, demokraziaren alde lan egiten dutenak atxilotu" dituztela salatu dute bertan. Larunbat eta igandean ere mobilizazioak izango dira Erandion. BIharko hitzordua 20:00etan jarri dute, metro geltoki alboan. Algortan, berriz, 130 herritar inguruk egin dute elkarretaratzea Telletxe plazan, Eli Zubiaga algortarraren eta gainontzeko atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko. Hamarnaka lagun gehiago batu zaizkie ondoren manifestazioa egiteko. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoeraren barruan" kokatu du gaurko polizia operazioa eta inkomunikazioak dakarren "arriskuaz" ohartarazi du. Horren adibide bezala jarri du AAMk, abendu hasieran atxilotutako Ibai Egurrola, Javier Gutierrez, Amets Ladislao, Mari Mertxe Alcocer eta Maribel Prieto uribekostarrak Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren egunetan jasandako "tortura basatiak". Kalera ateratzeaz gain, D3M plataformari sinadura ematera deitu du errepresioaren aurkako erakundeak, atxiloketei aurre egiteko. BIhar ere badago horretarako aukera, goizez, Getxoko udaletxean. Horretaz gain, mobilizazio bana deitu dute Algortan larunbat eta igandean, 20:00etan eta 13:00etan, hurrenez hurren. Bitartean, kalez jantzitako poliziek Itzubaltzetan kartelak jartzen zebiltzan hainbat lagun identifikatu dituztela jakin du UKBERRI.NETek. Argazkian, Algortako manifestazioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun