Aupa, Arantza eta Eli: badakigu ezin izango dituzuela hitz hauek irakurri, badakigu atxilo hartu zaituztela eta gure elkartasun sentimenduak, hitzak, jasotzea galarazita daukazuela. Zuen lan publikoa, politikoa, soziala burutzen duzuelako gure albotik eraman zaituztete, eta datozen inauterietan gurekin egoteko parada ere ukatu nahi dizuete. Espainiak zuen lan militantea, zuen mugagabeko konpromisoa ezabatu nahi du, jakin badakielako zuen moduko, eta zuekin batera, kartzelaratutakoen lanak herri honi behar duen, demokraziak behar duen bultzada ematen diolako. Ustezko demokratak pozik agertuko dira gaur eta datozen egunetan, zuen kontrako gezur eta irainak botaz, baina lasai, guk ondo ezagutzen zaituztegu, eta atxiloketa guztiak antzuak izango dira, herri honek aurrera egiteko, soluzio bidean jartzeko ilusio eta esperantzaz beterik dagoelako. Gu gure eguneroko egitekoarekin, bakoitzak ahal duen bezala, zuen lanarekin jarraituko dugu, eta laster, laster izango baita, inauterietan, jaietan, Euskal Herri librean, batera jardungo dugu. Aupa Arantza eta Eli, aupa zuek. Hitz hauek agian ez dituzue jasoko, baina gure elkartasuna eta konpromisoa, zuekin dago. Argazkian,
Hor Dago Abante! konpartsa Aste Nagusian. Ezkerretik hasita, beheko ilaran, hirugarrena da Arantza Urkaregi / Hor Dago Abante!.