Areetako PSE-EEren egoitzaraino eraman dute atxiloketen salaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 24a, 19:13

Areetako Ibaigane kalean dagoen herriko etxearen aurrean 30 bat auzokide elkarretaratu dira gaur Iker Rodrigoren, Eli Zubiagaren eta atzoko beste sei lagunen atxiloketak salatzeko asmoz. Arratsaldeko 2etan, "Atxilotuak askatu! Torturarik ez!" lelopeko pankarta sostengatu dutela, PSE-EEren Areetako egoitzaren aurrean kontzentratu eta atxilotuen zein ezker abertzalearen aldeko aldarriak bota dituzte. Era berean, "hemen torturatzen dela" gogoratu dute ozen, baita alderdi konstituzionalistari horren ardura leporatu ere. Azkenik PSE-EE eta PSOEko hainbat buruzagik GAL talde armatuarekin izandako lotura ekarri dute gogora. Aurretik, 13:30ean Areetako metro geltokiaren aurrean elkarretaratu dira, ordu erdiz. Bihar ere, Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzaleak atxiloketak eta atxilo hartutakoek inkomunikazio egoeran izateagatik "torturatuak izateko duten arriskua" salatzera deitu du, 13:30ean, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan. Bestalde, Ertzaintzak, eta ez Espainiako Poliziak atzo zabaldu bezala, hiru lagun identifikatu zituen herri horretan atxiloketen aurkako eta ezker abertzalearen aldeko pintaketak egiten ari zirelakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun