Eskualdeko gainontzeko udalerrien balantzea jaso artean, Getxon goizeko 6:30ak eta 9:30ak artean jo du gogorren zikloiak. Denbora horretan 150 kilometro orduko haize boladak izan direla aipatu dute tokiko iturriek. Baina, zorionez, denboralea badoa eta Jaurlaritzak Alerta Gorria noiz kendu zain dago Getxoko Udala, atzo 19:00etan itxi zuen Arriluze eta Portu Zaharra arteko bidea berriro zabaltzeko. Kalte materialei dagokionez, zuhaitzak erori, beirate eta balkoiak apurtu, denda batzuen oihalak txikitu eta kale altzariak kaltetu direla adierazi du Josu Loroño Komunikazioa, Herritarren Arreta eta Babes Zibileko zinegotziak.
Orain apurtutakoa konpontzen
Emandako laguntza eskertu die saltzaile eta ostalariei udal agintariak, bereziki kostaldeko establezimenduen jabeei eta aldamio enpresen arduradunei, Udalak emandako jarraibideei kasu egin dietelako. "Horrek kalte pertsonalik gerta ez dadin lagundu du, baita kalte materialak txikiagoak izatea", aipatu du Loroñok. Babes Zibileko arduradun, udaltzain eta udal langileen lana ere eskertu du zinegotziak; goiz osoan, kalean zaintzen, hondakinak kentzen eta garbitzen ibili baitira. Bitartean, Imanol Landa alkateak zuzentzen duen Krisialdi Mahaia Jaurlaritzak alerta egoera kendu arte egongo da indarrean, Loroñok zehaztu duenez.
Dagoeneko zikloiak eragindako kalteak zenbatzen dabil