Plentzian eta Berangon salatu dituzte pasa den astean izandako bortxaketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 24a, 20:14

Ezker abertzaleak deituta, 60 bat lagunek erakutsi dute emakumeen aurkako sexu-erasoen kontrako jarrera irmoa. Izan ere, atzo iluntzean 35 bat lagunek parte hartu zuten Plentziako zubiaren ondoan egindako elkarretaratzean eta gaur eguerdian 25 pertsona batu dira Berangon. Bi herri horietako bizilagunak dira pasa den asteburuan, Plentzian eta Larrabasterran bortxatutako emakumeak. Bata egun berean eta bestea egun batzuk geroago, Ertzaintzak ustezko bi erasotzaileak atxilotu zituen. Protesta batean zein bestean, emakumeei "sexu erasorik" egitea ez dutela onartuko plazaratu dute auzokideek. Era berean, Berangoko zein Plentziako udalek afera horietan darabilten isiltasunaz kexu agertu dira mobilizazioetan parte hartu duten auzokideak. Atzo, Plentziako protestan izandako pertsona batek Koska irratiari azaldu zionez (mp3), Plentziako Udalak "ez du ezer esan. Beti legez, gertaera hauen aurrean haiek ez dute ezer esaten. Gero Udalbatzetan bai esaten dute, adibidez: 'akordio bat sinatu dugu emakumeon kontrako indarkeriari aurre egiteko edo salatzeko'. Udalbatza guztietan salaketak egiten dituzte baina gero hori ezerezean gelditzen da". Jarrera horren aurka azaldu eta kalera ateratzeak duen garrantzia azpimarratu du Plentzia eta Gorlizko ezker abertzaleak. Argazkian, gaur Berangon egindako kontzentrazioa.

Elkarretaratzera deituz Berangoko ezker abertzaleak zabaldu zuen oharra:

Komunikatu honen bitartez, Berangoko ezker abertzaleak aurreko larunbatean, urtarrilak 17, izandako gertaera salatu nahi du.

Gaueko hiru eta erdiak aldera, neska bati sexu erasoa egin zioten Berangoko landa batean. Biktimaren arabera, 27 urteko erasotzailea herriko diskoteka baten atarian ezagutu zuen. Larrabasterrako beste taberna batera elkarrekin joan ostean, autora itzuli eta gidariak landa batera abiatu zen. Bertan, erasotzaileak emakumea lapurtu eta harreman sexualak izatera behartu zuen. Beste gidari bati esker emakumea Sabino Arana kalera itzultzen ari zenean, eraso egin eta poltsa lapurtu zion gizona diskoteka batean sartzen ari zela ikusi zuen. Ordu batzuk geroago erasotzailea atxilotu eta epailearen aurretik igaro ondoren Basauriko kartzelan espetxeratu dute. Emakumea, bere aldetik, Gurutzetan artatu behar izan zuten.

Ezker abertzaleak mota honetako erasoak gogor arbuiatu nahi ditu. Euskal Herrian emakumeon indarkeria sexistaren aurkako adierazpen ugari pairatu behar izan ditugu: erail gaituzte, bortxatu, mehatxu egin, jipoitu... Ez dira eraso isolatuak, zapalkuntza patriarkalaren ondorio zuzena baizik, diskriminazioaren eta sexuen arteko botere harremanen erakusle latzak. Emakumeenganako indarkeria egiturazkoa da, jendarte eredu sexista batean bizi garelako pairatu behar ditugu; eta sexismo horren eraginez emakumea gizonen menpe kokatzen du jendarte eredu honek eremu guztietan: politiko, ekonomiko eta kulturaletan hain zuzen.

Zentzu berean, Udalaren jarrera salatu nahi dugu, gure herrian gertatu den larritasun handiko gertaera honen aurrean isilik mantentzeagatik; herritarrak informatu barik eta bere gaitzespena eta erantzuna kaleratu gabe.

Horregatik, ezker abertzaleak Berangoko bizilagunak deitu nahi ditu hurrengo larunbatean, urtarrilak 24, eguerdiko 13:00etan Sabino Arana kalean burutuko duen kontzentrazioan parte hartzera, “Sexu erasorik ez! Emakumeen kontrako indarkeria ez dugu onartzen!”, lelopean.

Berangoko ezker abertzalea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun