Atzo arratsaldean hil zen Villenan (Alacant, Herrialde Katalanak) preso daukaten Paul Asensio Algortako seme eta Barrikako auzokidearen aita. "Etxera etortzea eskatu zuen une hunkigarri horietan etxekoekin egon ahal izateko. Berehala, Langraizko espetxera ekarri zuten, gaur, larunbata, eguerdiko 12:30ean Derioko hilerrira joateko baimenarekin, bertan erraustu baitute Polen aita", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoran jakinarazi duenez. Asensio 2007ko azaroaren 30ean
atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hasiera batean Soto del Realen (Madril, Espainia) espetxeratu bazuten ere, Angela Murillo epaileak
sententzia irakurri baino egun batzuk lehenago eraman zuten Navalcarnerora (Madril, Espainia). Algortarrari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, "erakunde terroristako kide izatea" egotzita, 19/98 auzian. Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak
zigorra 9 urtera murriztea eskatu zuen orain bi hilabete. Orain, Alacanten dago, Getxotik 823 kilometrora. Argazkian, 2008ko irailean eskualdea zeharkatu zuen UK Martxako hainbat kide Paul Asensioren eta beste preso batzuen erretratuak daramatzatela.