Ixilik joan zen, lasai, ordua iritsi zitzaionean. Berak nahi zuen bezala. 95 urte zituen amama Emiliak, Bilboko eta Euskal Herriko presoek deitzen zioten bezala. Titulua Ceutako espetxean zeuden euskal presoek jarri zioten. Beraiek izan ziren bere lehenengo ilobak eta harrezkero familia hazi eta hazi joan da. Emiliak, Barrainkua kaleko bere etxetik zaintzen zituen euskal preso guztiak. Amamek egin ohi duten bezala. Bere argazkia zeramaten idazmakinez idatzitako postalak, eskuz egindako mantel eta poltsatxoak, Txalapartako liburuak, berak jositako agendak, gominolazko lepokoak... ziren bere maitasun keinuak. Urtero bezala, aurten ere, kandela bat piztu zuen gabon gauean. “Ziur nago espetxeetako ziegetan kandelaren berotasuna sentituko dutela”, esaten zuen. Bazekien horrela zela. Presoren batek askatasuna berreskuratzen bazuen, berehala Emiliaren deia jasotzen zuen bazkaltzera gonbidatuz. Sabin Etxetik pasatzen diren senideen autobusetan jadanik ez da gozoki poltsarik egongo baina espetxeetan bere kandelaren argiak piztuta iraungo du. Agur, amama Emilia. Ez zaitugu ahaztuko!
Bilboko Brankak larunbatean argitaratutako artikulua. Argazkia: Branka.biz.