Iker Rodrigo, Eli Zubiaga eta beste 6 atxilotuak kartzelara bidali ditu Garzonek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 26a, 07:02

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko magistratuak kartzeleratzeko agindua eman du ostiralean atxilotutako 8 euskal herritarrentzat: Iker Rodrigo, Eli Zubiaga, Arantza Urkaregi, Imanol Nieto, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Iñaki Olalde eta Amparo Lasheras. Aipatu aginduaren berri goizaldeko 4:30ak aldera eman dute Iker Rodrigoren lagunek. Haiek baieztatu dutenez, "Iker ondo dago". Lagunek uste dute Rodrigo Soto del Realgo espetxera eramango dutela baina oraindik ez dute egiaztatu. "El Periodico de Aragon"-en arabera, Dolores Delgado fiskalak behin behineko espetxeratze judiziala eskatu du, atxilotuak asteazkenean Garzonen aurretik igaro eta haiekin zer egin behin betiko erabakitzeko, egun horretarako ezker abertzalearen aurkako operazioan bahitutako ordenagailu guztien informazioa miatuta izango dutelakoan. Baina, Garzonek "baldintzarik gabeko espetxeratzeko" autoa (pdf) eman du, zortziei "erakunde terroristako kideak" izatea leporatuta. Argazkian, atzo Erandion 80 lagunek eskatu dute Iker Rodrigo eta beste atxilotuen askatasuna, asteburuko dinamika jarraituz: Algortan 130 manifestatu ziren ostiralean, 150 herenegun eta 55 atzo; Areetan 30 herenegun eta 40 atzo; eta Erandion 250, 125 eta 80. Gaur, Astrabuduako Josu Murueta plazan biltzera deitu dute.

Atxilotuak arratsaldeko 14:00ak aldera pasatu behar ziren Garzonen aurretik, baina, azkenean, galdeketak 23:15ak aldera abiatu ditu epaileak, Amparo Lasheras D3Mren bozeramailea eta Arabako zerrendaburuari itaunduz. Lasheras kenduta, atxilotu guztiek uko egin diote deklaratzeari eta galdeketak 2:30ak aldera amaitu dituzte. Atzo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Erandion salatu zuenez, atzerapen horrekin senide eta lagunen mina areagotu baino ez du nahi izan Estatu espainolak. Auzitegi Nazionalak zabaldutakoaren bertsioaren arabera, berriz, bahitutako ordenagailu guztien datuak ateratzeko emandako denbora izan da atzerapena eragin duena. Galdeketak bukatuta, Dolores Delgado fiskalak guztientzako espetxeratzea eskatu du, baita Garzonek onartu ere.

Poliziak, Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionaleko partaideek hedabideen bitartez zabaldutako bertsioa da zortzi atxilotuek Batasuneko zuzendaritza berria osatzen jardun dutela, D3M plataforma eta Askatasuna alderdia martxan jartzearekin batera. Barne Ministerioaren bertsio horri jarraiki Iker Rodrigo lutxanarra Batasuneko zuzendaritzaren koordinatzailea izango zen, ETAren aginduz. Lasheras eta Urkaregiren parte hartzea, berriz, "maila txikiagokoa" izango litzateke, ostiralean martxan jarritako istorio ofizialaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun