Modu berean argi gelditu da azken egunetan beste alderdi politikoak zein eroso dauden erregimen autoritario honetan. Asteburu honetan izandako mitin eta ekitaldiek horrela erakusten dute. PNVk herri honetarako omen dituen 100 proposamen aurkeztu ditu. Baina ba al du proposamenik datorren hauteskundeetan herritar guztien aukera elektorala berdintasunean eman dadin? Ba al du proposamenik torturari aurre egiteko? Ba al du proposamenik independentistentzat eraikitako Guantanamoa ixteko? Ba al du PNVk proposamenik errepresio basati honi amaiera emateko?
Asteburu honetan argi gelditu da nork zer ulertzen duen demokrazian. Hautagai politikoak bahituak, espetxeratuak eta sakabanatuak dira eta klase politiko nagusia isilik dago. Ondoren gaur espetxeratu dituzten horietako norbait herritarren borondatearen arabera parlamentari aterako balitz ez lukete inolako lotsarik izango bere parlamentari postua hartzeko, eskubide urraketa honetatik etekin elektoralak ateraz.
Modu honetako eraso gehiago iritsiko dira, estatuak erabakia baitu independentismoaren aurkako gurutzada bukaera arte eramatea. Bitartean mobilizazioaren eta herri presioaren bidez eraso hauei erantzuteko deia luzatzen dugu.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur Askatu.org bitakoran argitaratutako artikulua
Goizeko ordu biak inguru zirenean amaitu dituzte deklarazioak eta goizeko bostetan eman du Garzonek bere erabakiaren berria. Talde terroristako kidea izatea egozten diote zortzi independentistei. Garzon epaileak Soto del Realen sartu ditu atxilotu guztiak: Agurtzane Solabarrieta (Usurbil), Hodei Egaña (Donostia), Eli Zubiaga (Algorta), Iker Rodrigo (Erandio), Arantza Urkaregi (Bilbo), Imanol Nieto (Sestao), Iñaki Olalde (Agurain) eta Amparo Lasheras (Gasteiz).