Otsailaren 1erako, igandea, Palestinari buruzko hitzaldia antolatu du Erandioko Gazte Asanbladak. Arratsaldeko 7etan hasita, Altzagako posta etxe zaharrean izango da ekitaldia. "Aurreko asteetan Gazaren kontra Israelek burututako neurrigabeko erasoa salatu asmoz eta Palestinak egun bizi duen egoeraren erroetara heldu nahian egingo dugu hitzaldia", azaldu dutenez. Besteak beste, Palestinan brigadista egondako Irati Gonzalez gonbidatu dute, gatazkaren jatorriari buruzko azalpena eman dezan, gaur eguneko egoerara heldu arte, "guk, norbanakook zein talde ezberdinek, eskubide urraketa hauen aurrean egin dezakegunaz hausnartzeko", Erandioko Gazte Asanbladak gaineratu duenez. Ostean, galderetarako eta eztabaidarako txanda zabalduko dute. Argazkian, Bizkaiko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformak deituta, dozenaka lagunek egin zuten elkarretaratzea, ostiralean, Bilboko udaletxe aurrean /
Sare Antifaxista.