Astearteko uholdeek kaltetutako auzotarrei laguntzak emango dizkie Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 29a, 20:00

Larrañazubi aldeko lau etxebizitza eta hamar bat garaje eta trasteleku batzuk kaltetu zituzten, Algortan, astearteko uholdeek. Ekaineko uriolen ondotik egin bezala, oraingoan ere diru laguntzak emango dizkie horien jabeei Getxoko Udalak, gaur, Imanol Landa alkateak baieztatu duenez. Era berean, udalerriko hotel batera eraman behar izan dituzten bost lagunen ostatu gastuez ere arduratuko da tokiko erakundea. Uholdeak saihesteko lehendabiziko lanak egin artean beste etxe batean ostatu emateko, arriskuan dauden auzokide ugarik egindako eskaeraren aurrean, horiek "aztertu eta horren arabera erantzuteko prest" azaldu da Landa. "Gure helburua koherenteak izan eta, gure eskuduntza eremuaren barruan, herritarrei soluzioak emateko lanean jarraitzea da”, gaineratu duenez. Aipatu lanak 2009ko udan hastea dago aurreikusita, 2010ean amaitzeko. Bitartean, ekaineko uriolak direla eta, abenduaren 16rako 385.000 eurotik gorako laguntzak emanak zituen Udalak, tokiko arduradunen arabera. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia eta Imanol Landa alkatea, gaurko prentsaurrekoan.

"Ekainetik hona gogor ari gara lanean Gobela ibaiak eragindako uholde arazoak konpontzeko behin betiko irtenbide eraginkorrak indarrean jartzeko”, adierazi du gaur goizean Imanol Landa alkateak. Hala ere, ibaiaren uraren maila jaitsi eta uholdeen arriskua murrizteko asmoz, hasieran planteatutako neurri batzuk eraginkorrak izango ez liratekeela aipatu du udal agintariak; ibaia dragatzea edota landaretza garbitzea, besteak beste. "Horrela egiaztatu zigun Uraren Euskal Agentziak bere ikerketa teknikoen bidez”, Landak zehaztu denez. Gauzak horrela, neurri horiek alde batera utzi eta "eraginkortasuna edukiko luketen beste neurri batzuk bilatzen" ahalegindu da, hilabete hauetan, Getxoko Uholdeetako Batzorde Berezia.

Saneamendua

Gainera, URA proiektuaren lanketarekin batera, beste jarduera batzuk egiten dihardu Getxoko Udala; guztiak Uholdeetako Batzorde Bereziaren baitan koordinatuak eta aztertuak, Landaren hitzetan. Egindako lanen artean dira, udalerriko estolderia sarea hobetzea eta bere inbentarioa egitea, baita kaltetutako guneetako hodi biltzaileak garbitzea ere. Horietatik 6 tona hondakin atera dituztela, udal agintarien hitzetan. “Duela 8 hilabetetik hona lehenengoz egiten ari diren lan horiek emaitza onak eman dituzte jada: pasa den astearteko euriek ez zuten arazorik eragin ekainean kaltetutako gune batzuetan, esaterako Ollaretxe kalean", azaldu du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Horrekin batera, Itzubaltzeta / Romoko Kresaltxu eta Santa Eugenia kaleen arteko eta Algortako Ereaga hondartzako -La Ola eta Igeretxe ostalaritza establezimenduen artean- hodi nagusien berriztatze egitasmoen idazketa egin dute; 1.377.000 eta 688.000 euroko aurrekontua dutenak, hurrenez hurren. Berehala aterako dira biak lehiaketara. Halaber, Udala tresna informatiko berriarekin ari da lanean -URA agentziak hipotesi eta egoera desberdinak aztertzeko erabiltzen duenaren antzekoa- eta, horri esker, udalerriko leku desberdinetako estolderia sarean zehar neurriak hartu ahal izan dira. Arregik gaineratu duenez, Itzubaltzeta eta Ereagako estolda nagusietan ez ezik, Elkano, Makaleta etorbidea eta Ollarretxen ere saneamendu sarea hobetu asmo dute, baita Maidagan goialdean ere. Bertan, metroa lurperatzeko lanak baliatuko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun