Ados Teatroa konpainiaren "Si ves a Lola, dile que es rica" izenburuko azken ikuskizunaren irakurketa antzeztua egingo dute astearte honetan, urtarrilak 27, Algortako kultur etxean. Lierni Fresnedo, Ainhoa Aierbe eta Kandido Uranga aktoreek antzeztuko dituzte zenbait istorio uztartzen dituen "thriller" horretako pertsonaiak. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da,
Getxoko Kultur Etxetik adierazi dutenez. "Si ves a Lola, dile que es rica" antzezlanak intriga-istorioak eta beste hainbat istorio txiki barne hartzen ditu. Ikuskizunaren hari nagusia Isabel da, azken bi urteetan etxetik irten ez den emakumea, agorafobia baitu. Hala ere, gaixotasunak ez du kikildu Isabel eta, horri esker, istorioak kontatzeko eta jendea entzuteko trebetasun handia garatu du. Hori dela eta, gauero irrati-saio bat egiten du bere etxetik eta entzuleek kontatzen dizkioten istorioak entzuten ditu, bata bestearen atzetik. Horrela, Isabelek bere etxetik irten gabe mundu berriak sortzeko gai da. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Ainhoa Aierbe, Kandido Uranga eta Lierni Fresnedo, "Si ves a Lola, dile que es rica" antzezten.