"Deia" egunkariari eskaini eta atzo bertan argitaratutako elkarrizketan, "martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Getxo udalerrian eragina" badutela adierazi zuen Imanol Landa alkateak, "boterea lortzeko asmoz, PPren eta PSE-EEren erasoa hurrengo egunean gertatu daitekeelako". Oposizioko bi alderdiek Udal Gobernuari "pintza" egiten ari zaizkiola ere kritikatu zuen tokiko agintariak. Gaur, ordea, ez du horrelakorik islatu, tasen eta zergen gaineko ez ohiko udal batzarrak. Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramaileak adierazi duenez, "askotan kritikatu dugu, gutxiengoan egon arren, larderiaz jokatzen ari dela eta akordioak lortzeko asmorik ez daukala EAJk. Hala ere, jarrera alda dezan eskatu nahi diogu berriro alkateari". Izan ere, "PPk askotan erakusten duen populismoaren aurka" ere badagoela aipatu du Almansak. Bere hitzetan, "herritarren arbuioa eragiten duten liskar antzuak" baino ez ditu sortarazten popularrek jokabidean. Hori dela eta, "zentzutasunaren eta arduraren bidera itzultzea" eskatu die EAJri eta PPri Getxoko PSE-EEk. Antzeko adierazpenak egin zituen Almansak, orain aste bete, Arruek proposatutako Landa alkatearen kontrako zentsura mozioa babestuko ez zuela esateko.
Begi onez
EAJren Gobernu Taldeak positiboki baloratu du talde sozialistak gaur izandako jarrera. Udal batzarra baino ordu erdi lehenago helarazitako prentsa oharrean, "Getxok dituen benetako arazoen aurrean zentzu komunaren eta erantzukizunaren bidera jotzeagatik ongi etorria" eman die PSE-EEkoei Imanol Landa alkateak. "Arazook alderdi desberdinen arteko elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bitartez konpontzearen aldeko apustua egin eta orain arte PPrekin batera egindako inposaketaren eta irentsi beharraren politika baztertu dute", gaineratu duenez.
“Getxoko arazoei aurre egiteko, beti erakutsi dugu, akordiora iristeko benetako borondatea zuen edozeinekin lan egitearen aldeko jarrera; negoziatzeko formula bezala soilik irentsi beharrarena proposatzen zuena baztertuz. Orain artean, horixe izan baita PPtik zein PSE-EEtik jaso dugun erantzuna”, salatu du tokiko agintariak. Landak, halaber, aldaketa hori “benetako elkarrizketaren eta negoziazioaren bidearen hasiera baino ez izatea" espero duela zehaztu du. "Getxoren onerako, arduratsua eta eraikitzailea izan behar du oposizioak, azken finean hori baita herritarrek eskatzen digutena”, gaineratu duenez.
Zarama tasa
Landaren adierazitakoaren arabera, “ondo dakigu bizi dugun egoera ekonomikoa Getxon ere apartekoa dela. Orain, inoiz baino gehiago, prest gaude ahalegin handiagoa egiteko. Baita arlo fiskalean ere". Hala ere, Getxoko PPk proposatutako tasen eta zergen jaitsierari "neurri gabekoa" deritzo alkateak, "hori aplikatzea udal diru-kutxan galera handia egiteko arriskua ekarriko luketelako”. Besteak beste, zarama bilketa tasa %86 murriztea eskatu dute popularrek. Orain urte bete egin ez bezala, hori eskatzea baztertu du PSE-EEk, Udal Gobernuak erabilitako argudio berberak baliatuta gainera. Almansak azaldu duenez, "PPk defendatutako %86ko jaitsiera urtetik urtera mantentzeak bildu beharreko dirua murriztuko luke guztiz. Udal kutxan eraginik izango ez duen eta getxoztarren poltsikoetarako mesedegarri izango den adostutako jaitsiera planteatzen dugu guk".
Hala ere, proposatzen dituzten gainerako hobariak Getxoko PPk aurkeztutakoen parekoak dira. Besteak beste, irekitzeko eta jarduteko lizentziak emateagatiko tasak murriztea eskatzen dute, merkatari berrien kasuan; baita horiei eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zerga jaistea ere. Tabakoaren Legea dela eta, establezimendua egokitu behar duten ostalariei ere aplikatuko litzaieke hori. Familia ugarientzat, berriz, administrazio agirien egiteko edota musika eskolan izen-emateko tasak murriztea nahi dute sozialistek. Horretaz gain, etxebizitzetan igogailua jarri edota fatxada konpontzeko laguntzak eskatu dituzte.