Gobela ibaia gainezka egiten ari da berriro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 27a, 12:18

Gau honetan hasi eta oraindik jarraitzen duten eurite gogorrek alerta egoeran jarri dituzte berriro Gobela erreka ondoko auzotarrak. Bertoko bizilagun batek UKBERRI.NETi adierazi dionez, ibaia berriz dago gainezka, batez ere Salsidu parean, Algortan. Kale hori igotzeko arrapala mekanikoak ere geldirik daude, euriaren eraginez. Jada kotxeak ateratzen eta, beheko pisukoek, baliozko gauzak goiko aldean jartzen hasi dira, alde horretan, ekainaren 1eko eta 8ko uriolak errepika daitezkeen beldur. Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, Herri Babeserako Plana indarrean jarri du Getxoko Udalak, Aldapa, Fadura, Zubilleta, Salsidu eta Larrañazubi ikastetxetik hurbil gainezka egin dezakeelako Gobelak. Iturri berberek diotenez, urak hainbat garaje hartu ditu eta Fadura kiroldegitik atera dute jendea. Bertoko igerileku estaliko sabaia haizeak bota duela aipatu dute auzotarrek. Hala ere, ezin izan dute zehaztu gaur edo zikloiak eraginda gertatu den. Bitartean, Fadura LH eta Getxo I institutuetako ikasleak eskola barik geratu dira gaurkoz. Horretaz gain, hainbat lagun atera dituzte euren etxeetatik. Momentuz, alerta aurreko egoeran dago Getxo. Dagoeneko udal agintariak izan dira, goizez, uholde arrisku gunean. Argazkian, auzokide bat ibaiari adi. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun