Okerrena etor daiteke oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 27a, 13:48

Orain atertu duen arren, oraindik txarrena etor daitekeela ohartarazi dute Gurutze Gorriko boluntarioek. UKBERRI.NETi adierazi diotenez, eguerdiko 12etan hasi da itsasgora eta, besteak beste, Zubilletako hainbat lekutan, hamar zentimetro baino ez zaizkio falta Gobela ibaiari gainezka egiteko. Ordu berean, Bozeramailean Batzorde Berezia biltzen hasi da Getxoko udaletxean. Badaezpada baino ez da bertaratu Gurutze Gorria; ez dute oraindik inor erreskatatu behar izan. "Espero dezagun ezer ez gertatzea, baina hemen egon behar dugu", aipatu dutenez. Bitartean, hainbat gomendio luzatu dizkiete herritarrei: lasaitasuna mantentzea, edozein arazo izatekotan 112 SOS Deiak-era deitzea eta Babes Zibilak ematen dituen aginduei kasu egitea, hurrenez hurren. Getxoko udaltzainak ere badaude bertan. Dagoeneko Zubilletan sotoak eta beheko solairuak husten hasi dira auzotarrak. Fadura inguruetan, berriz, hareazko zakuak jartzen ari dira udal langileak, horiek ez betetzeko. Hala ere, hainbat garajetan sartu da ura. Eskerrak autoak atera dituztela bertatik. Errepideei dagokienez, itxita dago Makaleta etorbidea, Salsidutik Fadurara; baita Uribe Kostako Korridorea, Berangon. Gobela ondoko Berango eta Algortako hezkuntza zentroetatik ere atera dituzte ikasleak. Baita Fadura kiroldegian zeuden lagunak ere. Dagoneko aipatu kirol gune alboko zubira heldu da ura. Argazkian, Gurutze Gorrikoak eguraldiari begira. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun