Euren ondasunak salbu jartzen jarraitzen dute Zubilletako auzokideek, egoera txarrera egin dezakeela ikusita. Orain euririk egiten ez duen arren, Gobelak gorago jasotako urek bertara heltzean eragin ditzaketen kalteen zain daude. Dagoneko hainbat lekutan gainezka egin du urak. Auzotarrek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, Ereaga hondartza alboko Igeretxe hoteleko arduradunekin hitz egin dute udal agintariek, egoera kaskartzen bada, bizilagunak bertara eramateko. "Getxoko Udaltzaingoan hemendik ateratzeko agindua ematen diguten ala ez adi gaude", aipatu dutenez. Aurreikuspen handiagoz jokatzen lagundu du, euren ustez, arrisku egoera egunez izatea. Ekainaren 1ean, goizaldeko ordu txikietan atera behar izan zituzten euren etxeetatik, Zubilletako bizilagunak. "Gainera, arazoa ez zaie arrotza, ondo baino hobeto ezagutzen dute. Hortik, oraingoan, neurriak arin hartu izana udal arduradunek", aipatu dutenez. Hala ere, hainbat auzokideen haserrea eragin du Gurutze Gorriko boluntarioak "besoak antxumatuta" ikusteak. Bestalde,
uriolak saihesteko lehendabiziko lanak hasi -2009ko udan- eta horiek egin bitartean, uholdeen arriskuetatik kanpo bizitzeko beste leku bat behar dutela adierazi dute Zubilletako lagunek. Argazkian, udaltzain bat auzokideak gauzak leku ziurrera eramaten laguntzen.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen