Udalak berak antolatutako autobusek Gobelako udal kiroldegira eraman dituzte, aterpea emateko, Larrañazubi eta Zubileta eskola publikoetako ikasle eta irakasleak, guztira 140 bat lagun. Halaber, Udalak Fadurako kiroldegia zarratzea agindu du, bihar ere itxita egongo da, eta goi mailako kirolaren zentroa ere jendez hustu egin du.
Salsidun bizi diren hamalau lagun herriko hotel batera eraman dituzte bazkaltzera. Era berean Udalak hainbat hotel plaza erreserbatu ditu ostatua beharko luketen pertsonentzat. Getxoko Udalak abiatutako operatiboan ehun lagun inguruk hartzen dute parte, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA eta udal zerbitzu teknikoetako kideak guztiak.
Premiazko neurriak
Horrez gainera, Imanol Landa alkateak Bozeramaleen Batzordearen premiazko batzarra deitu du egoeraren berri emateko eta bertan alderdi politiko guztiek aho batez erabaki dute Gobela errekari buruzko URAren proiektua aurreratu eta hurrengo Udalbatzara eramatea. Horri esker, bere egunean Uraren Euskal Agentziak aurreratutako neurriak "premiaz hartu ahal" izango dituztela esan dute udal iturriek.
Udalbatza ostiral honetan, hilak 30, egingo da eta urrats hori beharrezkoa denez, Uholdeetako Batzorde Bereziak bere batzarra aurreratuko du Udalbatzara proiektua eraman eta onartu ahal izateko. Batzorde horretan auzokide elkarteek ere hartzen dute parte, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkari guztiekin batera.