Euriteek sorturiko uholdeek gogor astindu dute Algorta eta baita eskualdea ere. Ekainaren 1ean sortu ziren kalteetara heldu gabe, hainbat lonja, garaje, ortu, beheko solairu eta soto ureztatu dira Gobela ibaiaren eraginez Algortan eta Berangon. Era berean, Asua ibaiak gainezka egin du Erandioko izen bereko auzoan. Hori dela eta, Berango eta Erandioko haur eskolak hustu dituzte eta beste lau ikastetxetan, Getxo I eta Fadura LH Institutuak eta Larrañazubi eta Zubileta herri eskolak, ikasleak etxera bidali dituzte, gaztetxoei poz handia eragiten, batez ere gaur azterketa zuten batzuei. Horrez gain, Uribe Kostako korridorea Erandioko Arriaga auzora doan errepidea eta beste hainbat errepide moztu dituzte, beste batzuetan ilara luzeak sortuz, Avanzadan edo Algortako Euskal Herria etorbideko sarreran gertatu bezala. Berangon, Eroskiren hipermerkatua ureztatu da, gara.net-ek zabaldu duenaren arabera. Azkenik, Eusko jaurlaritzak uholdeen aurkako Larrialdietarako Plan Berezia martxan jarri du goizean, atzo zikloia pasatu ondoren kendu ostean. Bitartean, euren etxeak utzitako Algorta behealdeko bizilagun gehienak bueltatu dira jada, arriskua txikituz doala ikusita. Argazkian, gaur ohikoa izan den irudia, lonjetatik ura ateratzeko ur-bonbak generadoreen bidez jarri dituzte martxan.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.