Palestinaren aldeko mozioa eramango du udalbatzara Getxoko ezker abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 27a, 21:33

Christian Reinicke eta Mari Espe Fuertes Getxo udalerriko hautetsi independentistek Palestinaren aldeko mozioa eramango dute ostiral honetan egingo den Getxoko udal osoko bilkurara. Gogoratu dutenez, "abenduan eta urtarrilean Gazan 1.500 hildako, 5.000 zauritutik gora eta kalte material izugarriak utzi ditu Israelen erasoa". Horren aurrean eta Palestinako herriarekiko elkartasunez, hainbat neurri hartzea eskatuko diote Getxoko Udalbatza, tartean Palestinako 200 elkarte zibilek bultzaturiko "Israeli Boikot." kanpainarekin bat egitea; Israel Estatuaren izenean Getxo udalerrira etortzen diren talde guztiei bere presentzia "non grata" dela esatea; "Estatu israeldar-sionistarekin gure herriak izan ditzakeen harreman instituzionalak" haustea; eta Getxoko Udalak Palestinako herriari "bere elkartasunarik beroena" adieraztea. Argazkian, Getxo udalerriko hautetsi independentisten prentsaurrekoa 200ko apirilean / Koska irratia.

Getxo udalerriko hautetsi independentisten mozioa:

Mari Espe Fuertes Sangroniz eta Christian Reinicke Urrutikoetxea, azken Udal Hauteskundeetan 3.247 getxoztarrek bozkatutako ezker abertzaleko zerrendako kide eta Udal Hautetsiok ondoko mozioa aurkezten diogu Getxoko Udal Batzarrari 2009ko urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin.

2008ko maiatzean, Palestinarren hondamendia edo Nakba bezala ezaguna den estatu israeldarra sortu zela 60 urte bete ziren. Azken egun hauetan, Israelgo Estatua Palestinako Gaza lurraldean egiten ari den sarraskia azken urteetako basakeriarik handiena izaten ari da.

Gazako bonbardaketa hauteskundeak demokratikoki irabazi zituen Hamas erakundearen zein Gazako herritarren aurkako zigor kolektiboa izan da.

Israelgo gobernua hauteskundeak irabazi nahian gerra sortzen ari da eta hori aurrekari arriskutsua izan daiteke aurrerantzean.

Munduko estaturik armatuenetarikoa den Israel, Palestinako herri zapalduaren aurka burutzen ari den giza krimen honen aurrean, Ameriketako Estatu Batuak, Europar Batasuna edo Nazio Batuak bezalako erakundeek beste aldera begiratu izana lotsagarria eta salatzekoa da. Instituzio hauen ordezkari diren Estatu inperialistak, estatu terrorismoaren konplize zuzenak dira, euren interes geoestrategikoen arabera mundua gerratoki bihurtzen ari dira, Afganistan, Irak, Libano eta orain berriro ere Palestina. Zein izango da hurrengoa?

60 urte hauetan Israelgo estatuak denetarik egin du Palestinako herriaren askatasun egarria isiltzeko; lurraldea zatikatu, lurrak, ura eta bestelako ondasunak lapurtu, lotsaren harresia inposatu… Milaka hildako, beste milaka erbesteratu eta 10.000 preso politiko baino gehiago eragin dira, baina hala ere Palestinar herriak bizirik jarraitzen du.

Munduko gatazka guztietan bezala Palestina eta Israelen arteko gatazkaren konponbidea elkarrizketa eta negoziazioaren bidez etorriko da, Palestinarrek mila bider aldarri izan duten moduan.

Guzti hori gertatzen ari den bitartean, Israeldar estatuari aurre egiteko tresna moduan, Palestinako 200 elkarte zibilek boikota Israeli kanpaina bultzatu dute. Boikot hori gure herritik egitea ere tresna baliagarria izan daiteke.

Garai latz hauetan Palestinako herriari gure elkartasunik beroena adierazten diogu.

Honengatik guztiagatik, behean sinatzen dugun udal hautetsiok ondoko adierazpena egitea proposatzen diogu Getxoko Udal Batzarrari:

Adierazpena

Palestinako 200 elkarte zibilek bultzaturiko Israeli boikot kanpaina babesten dugu.

Israel estatuaren izenean gure lurraldera etortzen diren talde, erakunde, enpresa, kirol talde edo kultura elkarteen presentzia non grata izango da gure herrian.

Estatu israeldar-sionistarekin gure herriak izan ditzakeen harreman instituzionalak hautsiko ditugu.

Getxoko Udalak Israelgo gobernuari gutuna bidaliko dio Gazako erasoa arbuiatuz.

Israelgo estatuan ekoitzitako kontsumo, kultura, entretenimendu edo bestelako produktuak baztertuko ditugu.

Palestinako herriari Getxoko Udalak bere elkartasunik beroena adierazten dio.

Getxon, 2009ko urtarrilean

Aurreko mozioa Getxon aurkezten dugu, 2009ko urtarrilaren 26an

Mari Espe Fuertes Sangroniz
Christian Reinicke Urrutikoetxea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun