Lurralde Zati Planaren (LZP) aurkako jardunaldiak abiatuko dituzte bihar Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 28a, 14:02

LZPren Aurkako Asanbladak (LZPAA) antolatuta, asteburu honetan LZPren aurkako jardunaldiak egingo dituzte, bihar, osteguna hasita eta larunbatera arte. Hilaren 29tik 31ra, hainbat ekimen izango dira: liburu aurkezpenak, hitzaldiak, ibilbide gidatuak, bideoak eta musika emanaldiak. Jardunaldi hauen bitartez, LZPren Aurkako Asanbladak salatu nahi du "lurralde zati plana" deritzoten etxebizitza ordenazio planak, momentu honetan indarrean dagona, Uribe Kosta eskualdean izango duen eragina. LZPren Aurkako Asanbladak azpimarratu duenez, "Uribe Kostan 30.000 etxebizitzen eraikitzea aurreikusita dago eta horrek suposatuko luke eskualdean ditugun gune berde, larre eta gaur egungo agintarientzat baliorik ez daukaten ondare historiko kultural handiko lekuen txikizioa, Getxo kasu. Badira bi urte aurkeztu zutela Getxon LZPa martxan jartzeko eraikitze plana, 8.500 etxebizitzekin, herri mobilizazioen bitartez atzera bota behar izan zutena eta udalaren izaera diruzale eta txikitzailea agerian jarri zuena. Eraikitze plan hori atzera bota zen, baina LZPak, hainbat eskualdeen ordenazio urbanistikoa aurreikusten duenak (gure kasuan Bilbo metropolitarrarena), indarrean jarraitzen du, eta nahiz eta Andra Marin orain eraikitzen ez egon arren (eraikitzeko garai onak ez direlako krisia dela eta, eta PNV-ek hauteskundetan konprobatu zuelako kontuz ibili beharreko gaia dela) argi dago aurreikuspen horiek beteko dituztela, zer dela eta bestela egingo zuten Ibarbengoako metro geltoki berria hain dentsitate baxuko zona batean?". Argazkian, LZPren aurkako pintaketa Lemoizen.

Hortaz, LZPAAk aitortu duenez, "ez dakigu noiz eta nola planteatuko duten eraikitze hauek, baina LZPak indarrean jarraitzen duen bitartean Andra Mari eta Uribe Kostako denonak diren larreak porlanez eta hormigoiez bete nahi dituzte, etxebizitza beharrezkoa denaren aitzakiarekin". Bestalde, aipatu asanbladak kezka berezia agertu du gazteen egoeraren inguruan: "eskualdeko gazte batek ezinezkoa du dauden etxebizitzak eskuratzea, eta erraztasunak jarri beharrean beharrezkoak ez diren 30.000 etxebizitza eraiki nahi dituzte, eraikuntza enpresa eta udalen patrikak betetzeko eta herritarroi gure herria txikituz. 30.000 etxebizitza zertarako? Norentzat? Eskualde honetan populazioa ez da hainbeste igoko, etxebizitza huts pila daude baina horiek ez dira arrazoiak buruan dirua bakarrik duten gure udalentzat. Etxebizitza eskubidea ukatzeaz gain espekulatzaile amorratu hauek gure herrian bizitzeko eskubidea ukatu nahi digute, hormigoiez betetako herri gris eta artifiziala sortuz, eta horren aurrean ezin gaitezke geldirik egon. Lur barik arnasarik ez! LZPrik ez!".

Jardunaldien egitaraua:

Osteguna, urtarrilak 29, 20:00etan, Algortako Eztabaida gune antiautoritarioan (Euskal Herria kalea, 17)
- "Bilbao y su doble" liburuaren aurkezpena. Liburua Gari Gamarra eta Andeka Larrea filosofoek idatzi zuten 2006an eta 2007ko abenduan argitaratu zuen Gatazka Guneak. Lan horretan, Bilbo Handiaren deskripzioa egiten da, bazter guztiak miatuz: zergatik eta zertarako eraiki zen Bilboko metroa, Guggenheim, Euskalduna jauregia... zer dagoen Bilbao Ria 2.000 erakundearen atzetik... eta, finean zeintzuk diren industriala zen hiria ikuskizun turistikoa bihurtzeko azpiko interesak.

Ostirala, urtarrilak 30, Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean (Errekagane kalea 1-5)
- "Lurralde Zati Planak nola eragingo du Uribe Kostan?" hitzaldia, 20:00etan.
- Iratxe Mugire eta beste kantautoreren baten emanaldia (sarrera bi eurotan), 21:00etan.

Larunbata, urtarrilak 31.
- Martxa gidatua Lurralde Zati Planak eragingo dituen guneetatik, LZPren kalteak ezagutzeko. Irteera Sopelako metro geltokitik, 10:00etan.
- Bideo-mokadua Getxoko Txorimalo gaztetxean, martxa bukatzean.
- Alanbrada, 121 Krew, Fly Shit eta DJ TIgerren kontzertua, 20:00etatik aurrera Itzubaltzeta gaztetxean. Alnbrada Plentziako punk taldea da. 121 Krew barakaldarrek hip-hop abesten dute eta Bergarako Fly Shit-ekoek Hard Core egiten dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun