Sahararako jakiak biltzen ari dira Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 28a, 14:47

Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Urdulizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari eutsiz. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna eta hegaluzea oliotan, arroza, pasta eta lekaleak) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek otsailaren 15era arte eraman ahal izango dira udaletxera, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era bitartean. Horretaz gain, "beharrezkoak dira ekarpen ekonomikoak", tokiko agintariek azpimarratu dutenez. Beraz, nahi duenak dirua eman dezake horretarako beren-beregi zabaldu den kontu korrontean. Interesa daukaten guztiek udaletxean topatuko dute horren gaineko informazioa. Azkenik, beste hainbat udalek bezala, Urdulizkoak laguntza emango du jakiak eramateko kamioiak erosteko. Argazkian, udan Uribe Kostara heldutako Saharako umeak.

Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaritzak eskatutakoari jarraituz dago martxan Sahararen Aldeko V. Euskal Karabana. Ekimena Saharar Herriarekiko Elkartasunerako Euskal Elkarteek antolatu dute, “Bakea Saharan” Euskal Legebiltzarreko talde-artekoa eta Euskal Fondoaren Sahararako Koordinazio Unitatearen laguntzarekin. "Elkartasun kanpaina honen helburu nagusia janaria helaraztea da, ahal den neurrian, Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuak jaki aldetik pairatzen ari diren krisialdia nolabait arintzeko", azaldu dute udal arduradun urduliztarrek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun