Atzoko egunean, 150 lagunek parte hartu zuten Getxon Babes Zibilak abiatutako operazio berezian. "Besteak beste, herritarren beharrizanei erantzuten, eraikin publiko zein pribatu eta garajeak badaezpadan husten, oharrak zabaltzen, gainezka egiteko arrisku gehien zuen lekuetan erreka zaintzen, errepideak eteten eta zirkulazioa antolatzen, bide eta estratak garbitzen; eta garaje eta etxeetatik ura ateratzen ibili ziren", azaldu dutenez. Gaur ere garbiketa lan horiekin jarraitu dute.
Eskola eta kirol jarduerak
Badaezpadan atzo jendez hustu behar izan zituzten ikastetxeei dagokienez, gaur asteazkena normaltasun osoz ibili dira. Garrantzi txikiko kalte apur batzuk gertatu dira soilik Geroa Ikastolan eta Romo eta Andra Mari ikastetxe publikoetan. Besteak beste, Zubilleta eta Larrañazubi eskolak, Getxo I eta Fadura institutuak eta Gobela Ikastola itxi behar izan zituzten atzo. Fadurako kiroldegiari dagokionez, hau ere jendez hustu behar izan zuten. Horrenbestez, bihar, hilak 29, zabalduko dituzte ateak bazkide eta erabiltzaileentzat; igeriketa ikastaroetakoentzat izan ezik, oraindik igerileku olinpikoaren sabaia konpontzeke dagoelako.