Ekainaren 1eko uholdeak gertatu zirenetik, "zortzi hilabetetan ezertxo ere ez egitea" egotzi dio Imanol Landa alkateari Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. "Bertoko bizilagunak ezin dira egon behin eta berriro maletak egiten lau tanta erortzen diren bakoitzean", kritikatu du zinegotzi popularrak. Hori dela eta, besteak beste, bizilagunei ostatu ematea eskatu dio Getxoko Udalari Arruek. Bitartean, ostiral honetako udal batzarrean eztabaidatuko dute Uraren Euskal Agentziak egindako Gobela errekari buruzko proiektua. Neguri Langilen eta Salsidu inguruan hartuko ditu lehendabiziko neurriak URA agentziak, 2009ko udal lanak hasita, aurreratzea erabaki ezean. Aipatu eremuetan, uholde-lautadaren sakonera metro batean handiagotuko dute, Gobela errekaren ibilgua zabalago eginez. Horretaz gain, Leioako Etorbideko, Jolasetako eta Salsiduko zubiak ordezkatuko dituzte. Ekintza horiek Eusko Jaurlaritzak egindako planaren zati bat dira.
Eusko Jaurlaritzak diseinatutako plan osoak 18 milioi euroko kostua izango du eta Europar Batasuneko Uraren Zuzentarauaren Esparru-Akordio berriari erantzuna ematen dio, udal iturrien arabera. "500 urterako arazoa konpontzea du helburu", gaineratu dutenez. Planak honako ekintza hauek aurreikusten ditu: zubi batzuk (7 zubi eta bi pasabide) ordezkatzea, kirol-instalazio batzuetan ekintzak egitea, uholde lautadak berreskuratzea, ur-parkeak sortzea eta Gobela ibaiaren ingurumena berreskuratzea, hurrenez hurren. Ekintza guztien lanen iraupena 5 bat urtekoa izatea aurreikusten da. Ingurumen sailburuak agerraldia aprobetxatu nahi izan du udalerri guztiei deia egiteko, “euren hirigintza planeamenduak egiterakoan ibaien ibilguak ez okupatzeko”. Hala ere, oraindik ez dago argi Areetako Plentzia Hiria aldean zer egingo duten.
Gobela estaltzeko proposamena
Areetako Plentzia Hiria aldean Gobelako uberka estaltzeko proposamenaren gainean, URAri emango zion erantzuna aztertzen zebilen Getxoko Uholdeetako Batzorde Berezia, horixe baitzen errekaren egoera hobetu eta ingurumena lehengoratzeko proiektuari lotuta akordioaren faltan zegoen gai bakarra. Batzorde bereziak batzarra egin zuen ostegunean, hilak 22, proiektua aztertu eta alderdi desberdinek aurkeztutako proposamenak aztertzeko. Horren harira, erakunde berezi hau osatzen dutenek, hau da, Udalak, Getxoko udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoek eta pasa den ekaineko uholdeen ondotik sortutako auzo elkarteek, hamabost eguneko epea finkatu zuten aipatu proiektuaren gainean behin betiko erabaki bat hartu aldera. Otsailaren 5erako zeukaten jarrita bilerarako data, URA agentziari erantzuna eman, horrek proiektua behin betiko idatzi eta aipatu hilabeteko udal batzarrera eramateko. Hala ere, atzo izandako uholdeek aipatu batzarrak aurreratzea ekarri dute.
Imanol Landa alkateak Bozeramaleen Batzordearen premiazko batzarra deitu zuen atzo egoeraren berri emateko. Bertan alderdi politiko guztiek aho batez erabaki zuten Gobela errekari buruzko URAren proiektua aurreratu eta hurrengo Udalbatzara eramatea. Horri esker, bere egunean Uraren Euskal Agentziak aurreratutako neurriak "premiaz hartu ahal" izango dituztela esan dute udal iturriek. Udalbatza ostiral honetan, hilak 30, egingo da eta urrats hori beharrezkoa denez, Uholdeetako Batzorde Bereziak ere bere batzarra aurreratuko du Udalbatzara proiektua eraman eta onartu ahal izateko. Hala ere, Udalak ez du zehaztu gaur edo bihar izango den.
Batzordeak mahaigaineratu duen irtenbideak Gobelako 90 metro estaltzea proposatzen du, Plentzia kalea eta Gobelako metro geltokiko sarlekura arteko tartean. Gainera, oinezkoentzako zubi bat egitea ere proposatzen dute udal kiroldegia eta uberkaren beste aldean hondatzeko arriskuan dauden etxeak lotzeko, leku horretan, hirigintza aldetik, kiroldegiari lotutako jarduera egin asmo baitute.