Iker Rodrigoren egoeraz kezkatuko dela dio Erandioko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 28a, 21:17

Ezker abertzalearen aurkako sarekadaren barruan pasa den ostiralean atxilotu eta astelehenean espetxeratu zuten Iker Rodrigo Lutxanako gaztearen "egoera pertsonala" aztertzeko hitza eman du gaur Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkate jeltzaleak. Horrela erantzun die gaur goizean "ideia politikoengatik egindako atxiloketen" gaia Udalbatzaren gai zerrendaz kanpo utzi izana salatu duten Jose Angel Bilbao hautetsi independentistari eta "Demokrazia zero" eta Rodrigoren argazkia erakutsi dituzten dozena bat herritarrei. Bilbaok salatu duenez, Ikerren atxiloketa ideia politiko independentistak "jazarri" eta horiek bizitza politikotik "ezabatzeko" estrategiaren beste urrats besterik ez da, torturak, atxiloketak, ilegalizazioak, inkomunikazioa eta beste edozein medio baliogarria dela horretarako. Gauzak horrela, alderdiek Udalbatzan eta prentsaren aurrean bere jarrera agertzeko deitu du. Era berean, Rodrigo "inkomunikazio egoeran izanda Poliziaren eskuetan torturatua izan duen arriskua jakina izan den bitartean" bere senideekin harremanetan ez jarri izana aurpegiratu dio Arieta-Araunabeñari. Azkenik, Erandioko Udalbatza Garzonen erabakiaren eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurka azaldu eta euskal gatazka konpontzeko urratsak ematera eta negoziatzera deitu dezan eskatu du azken udal hauteskundeetan 980 boto eskuratu zuen Eusko Abertzale Ekintzako zerrendakideak. Argazkian, Rodrigo atxiloketaren une batean.

Alkateak, berriz, uko egin dio Bilbaok aletu dituen puntuak Udalbatzan eztabaidatzeari eta "Udalbatzaz kanpo" Iker Rodrigoren "egoera pertsonala" aztertuko duela esan du, "aurreko batzuetan beste batzuekin egin dudan bezala". Alkatearen aburuz, dagoeneko Erandioko Udalbatzan "hainbatetan" agertu da Alderdi Legearen zein Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurka, "eta talde guztiak posizionatu dira" jada. Bestalde, nazio egoera Erandiora ekartzea "eraginkorra ez" dela esan du, batez ere "aurretik diagnostiko komuna ez bada egiten", aurretik beste gai batzuk direla eta izandako kontaktuak plazaratuz. Bestalde, gogoratu du Udala "legalitatea akatatzeko" dagoela.

Entzundakoa gogokoa izan ez eta Udalbatzatik ale egitea erabaki dute Iker Rodrigoren aldeko protestan zeuden auzokideek. Aurretik, baina, "bere eskubideak ukatu dizkiote Ikerri, herri honetako herritarrari. Inoiz ez da armarik erabili, bere arma bakarra hitza baita" salatu du Bilbaok, alkateari Espainiako Alderdiaren Legea bere onurako baliatzea leporatu diola, baita legalitatea "Franco eta Hitlerren menpekoek" bezala betetzea.

Juan Otermin, PSE-EEko bozeramaileak, berriz, "lotsagabekeriatzat" jo du hautetsi independentistak Udalbatzan parte hartu izana, eta batez ere, "oposizioko kide gehienok bizkartzainarekin doazenean eta hilketak ez dituztenean gaitzetsi". Gainera, herrian izandako hainbat indarkeria ekintzen ostean, "gaurkoa bortxakeriaren beste ekimen bat" izan da, PSE-EEren bozeramailearen arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun