Aurreko urteekin alderatuta, nabarmenki hazi da Zinegoak jaialdia, 6. edizio honetan. Film, egun eta areto kopurua handitzeaz gain, sari gehiago banatuko dituzte aurten. Lau sari ofizialei, fikziozko luzemetraiarik onena (3.000 euro), dokumental luze onena (2.000 euro), publikoaren saria fikziozko edo dokumental laburrik onena (2.000 euro) eta lesbianismo eta genero saria (1.500 euro); hiru sari berri ez ofizialak gehitu zaizkie: fikziozko luzemetraiaren gidoirik onena, Euskal Gidoilarien Elkarteak emana; fikziozko luzemetraian gizonezko eta emakumezkoaren antzezpenik onena, Euskal Aktoreen Batasunak emana; eta gazteriaren saria laburmetraia onenari, Kinema eskolaren eskutik.
"Ander"
Zinegoak, Bilboko gay-lesbo-trans Nazioarteko Zine Jaialdiaren seigarren edizioa etorkizunean gogoratua izango da, ziurrenez, antolatzaileek diotenez. Biharko inaugurazio ekitaldian, Roberto Caston Zinegoak-eko zuzendariaren “Ander” pelikula egongo da ikusgai estreinakoz, homosexualitatea gai bezala hartzen duen euskaraz eginiko lehen film luzea alegia. Eta hori gutxi balitz, baserri giroan kokatzen du homosexualitatearen gaineko eztabaida. “Ander”, berrogei bat urteko baserritar batek bere homosexualitatea onartzeko dituen zailtasunak hizpide dituen landa istorio bat da, topikorik gabe kontatuta. Baina ez da soilik horretan gelditzen, askoz ere urrutiago doa, euskal nekazaritzaren errealitatearen ikerketa egiten du, etorkinen egoera, hirietatik kanpoko prostituzioa, familia eredu berriak... Guztia modu fin batetan lotuta, karrankarik gabe, gidoi paregabe batez lagunduta, zuzendaritza koherente eta ausartaz, eta batez ere, interpretazio lan bikainekin. "Harro egoteko modukoa da, baita betebehar bat ere, Zinegoak 09 “Ander”-ekin inauguratzea, Berlinale zinemaldiaren 59. edizioan egun gutxi barru nazioarte mailan estreinatzeko dagoen pelikula", azaldu dute Zinegoak-eko antolatzaileek.
Bruce LaBruce
Egun horretan bertan, bihar, ostirala, Zinegoak Ohorezko Saria ere banatuko da Arriagan, lehenengo aldiz nazioarte mailako ospea duen eta zinemaldian egotearren Atlantikoa zeharkatuko duen pertsonaia bati eskainiko zaiona. Bera, Bruce LaBruce kanadarra dugu, idazlea, musika kritikaria, argazkilaria, antzezlea eta zinema zuzendaria, punk gay zinemaren ikonoa, erresistentziaren pornografoa, politikoki zuzena ez den guzti horren pizgarria. Atzera begirako ziklo oso batez gain, bere azken luzemetraia ikusgai jarriko dute sekzio ofizialean -nahiz eta lehiaketatik at izan-, “Otto; or Up with dead people”, satira gore-porno-politiko-sozial txundigarria.
Hala ere, horiek ikusi ahal izateko Bilbo aldera jo beharko dute Uribe Kosta eta Erandioko lagunek. Gurean, honako emanaldiak izango dira:
Leioa
Kultur Leioan, 20:00etan.
Otsailak 11, asteazkena.
- "Na koncu ulicy", eduki lesbiko gehiago daukan film laburra.
- "Senza Fine", eduki lesbiko gehiago daukan film luzea.
Otsailak 12, osteguna.
- "Gay... et apres", eduki gay eta lesbiko gehiago daukan dokumentala.
Algorta
Otsailak 12, osteguna.
Villamonteko kultur etxean, 20:00etan.
"Familia homoparentalak" zikloa.
- "Homo baby boom", eduki gay eta lesbiko gehiago daukan dokumentala.
- "Every other weekend", eduki gay gehiago daukan dokumentala.
- "Tryout", eduki gay gehiago daukan dokumentala.
- "Pida kiini", eduki lesbiko gehiago daukan dokumentala.
Berango
Otsailak 13, ostirala.
Berangoeta kultur etxean, 20:00etan.
- "From Lucas to Luus", eduki transexual gehiago daukan dokumentala.
- "Out Late", eduki gay eta lesbiko gehiago eta transexual gutxiagoko dokumentala.
Astrabudua
Otsailak 13, ostirala.
Josu Murueta kultur gunean, 20:00etan.
- "Cowboy", eduki gay gehiago daukan film laburra.
- "Campillo, si quiero", eduki gay gehiago eta lesbiko gutxiagoko dokumentala.