Zerrendakideei dagokienez, eskualdeko hainbat politikari ezagun topa daitezke. Besteak beste, Legebiltzarrerako bidean Marisa Arrue ohiko Getxorako alkategaia jarri du PPk, seigarren postuan. Zerrendan bidelagun, Iñaki Gamero eta Raquel Gonzalez zinegotzi getxoztarrak, Xabier Olabarrieta Leioako bozeramailea eta Areetan bizi den Carlos Iturgaiz europarlamentarioa izango ditu Arruek. PSE-EEk Patxi Lopez aurkeztuko du lehendakarigai eta berarekin Isabel Celaa Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi nagusiko arduraduna eta Idoia Mendia Barrikako zinegotzia eramango ditu, beren legebiltzarkide jesarlekuak berresteko. Zerrenda horretan, Pilar Perez-Fuentes EHUko irakaslea eta Jose Alfonso Lopez Arevalillo Leioako zinegotzia ere ageri dira.
Landa lehendakari?
EAJn, berriz, Imanol Landa Getxoko alkatea aurkeztuko dute 14. zenbakian, Izaskun Bilbao Legebiltzarreko presidentea eta Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko arduraduna zerrendaburuak izango direla. EAk, PPk eta ezker abertzaleak zabaldutako tesiaren arabera, Ibarretxe ez litzateke izango balizko EAJ eta PSE-EEren Gobernuaren lehendakaria. Eta lehendakaria izateko aurretik legebiltzarkidea izan behar denez, hipotesi horretan Landa ez litzateke txarto kokatuta. Baina, zerrendan Jose Luis Bilbao diputatu nagusia ere badela ez da ahaztu behar.
Era berean, UPDko zerrendan Fernando Maura aspaldiko Getxoko PPren kidea joango da, azken postuetan. Bitxia da zerrendako hirugarrena, berriz, Ezker Batuko kide ohi bat izatea: Kati Gutierrez. Aldiz, Ezker Batuak Isabel Dolores Garcia Leioako zinegotzia sartu du Javier madrazok irekitzen duen zerrendan. Bertan, Omer Oke Inmigrazio zuzendaria izandakoa ere ageri da. EAri dagokionez, Leire Pinedo zinegotzi sopeloztarra ageri da Unai Ziarreta babestuko duten Joseba Azkarraga, Tontxu Campos, Begoña Errazti eta bestelako hautagaien artean. Aralarrek Nahikari Ayo itzubaltzetarra aurkeztuko du, Dani Maeztu Durangoko zinegotzia zerrendaburua izango dela.
Azkenik, Algortan bizi den Gabi Basañez sopeloztarra eta Erika Bilbao erandioztarra ageri dira, D3Mko zerrendan, hainbat izen ezagunen artean. Besteak beste, Itziar Lopategi LABeko kidea, Julen Aginako ezker abertzaleko militante historikoa, Aitor Sarrionandia hautetsi independentista deustuarrra, Oiakue Azpiri 18/98 auzian absolbitua edo Onintza Enbeita bertsolaria topatu daitezke bertan.
Zerrenda guztiak
Arabako zerrendak (pdf)
Bizkaiko zerrendak (pdf)
Bizkaiko zerrendak (pdf)