Urrian hasi zen taldean Algortako 15 lagunek parte hartu dute Dendaketan ikastaroan, udal iturriek adierazi dutenez. Orain, nahi izatekotan, jarraitzeko aukera edukiko dute horiek. Bestalde, orduan bere nahia agertu zuten, baina kopuru nahikorik ez izateagatik, taldea osatu ezin zuten Itzubaltzeta / Romo eta Areetako merkatarirekin, ikastaroa martxan jartzen saiatuko dira; baita Algortan beste berri bat ere. Ikastaroa astean bi egunez egingo dute, bakoitzeko hiru eskola ordu emanez. Prezioa 50 eurokoa da eta, ikastaroa amaitzen dutenei, 25 euro bueltatuko dizkiete, baita diploma eta materiala opatu ere.
Etorkinentzako Aisa ikastaroak
Bestalde, etorkinek hemengo ohiturak eta euskara ikasten lehenengo pausuak emateko, urrian martxan jarritako Aisa ikastaroak eduki duen harrera ona ikusita, matrikula egiteko epea zabaldu dute. Alde batetik, orduan tokirik gabe geratu ziren 22 laguni aukera emango zaie euskara ikasten hasteko; eta bestetik, orain interesa dutenek ere izena eman ahal izango dute. Urrian hiru talde, 46 bat ikaslerekin, jarri ziren martxan eta horietatik gutxienez batek segitu egingo du, beste 60 eskola-ordu egiteko.
Aisa egitasmoaren balantzea "oso positibotzat" jo dute udal arduradunek, "Getxo baita EAEn talde eta ikasle gehien dituen udalerria". 2005ean jarri zen martxan egitasmoa udalerrian eta, ordutik hona, 19 ikas-talde izan dira. Horietan 271 etorkin aritu dira euskarara hurbiltzeko klaseak jasotzen eta gainera 3 taldek jarraitzea eskatu dute. Getxoko Aisa taldeetan parte hartzen duten lagun gehienak gazteak dira, %65a emakumeak eta Bolibiakoak eta Kolonbiakoak nagusiki. Guztira 33 jatorri desberdinetakoak dira, tartean, Errumaniakoak, Suediakoak, Greziakoak, Amerikako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak edo Marokkokoak. Aisa ikastaroa astean bi egunetan izaten da, lau eskola-ordurekin, guztira 60 ordu. Prezioa 10 eurokoa da. Gainditzen dutenei dirua itzultzen zaie eta diploma eta hiztegi bat eman ere.