Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak egungo gizarteko esparru guztietara hedatu dira eta "euskararen erronka berrien ardatza" dira. Horrela, elkarteko arduradunen arabera, euskaldunek "beharrezkoa" dute teknologiak euskarara hurbiltzea, "euskara teknologien bitartez munduratzea ahalbidetu behar dugun modu berean". Zentzu horretan, euskara bezalako eremu urriko hizkuntzentzat, "ateak irekiak ditu Internetek", eta milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoarekin, "euskararen presentzia erreala bezain bizia da Interneten". "Euskaraz bizi gaitezke eta euskaraz bizi behar dugu sarean, euskara bizi dadin", azpimarratu dute.
Berez, euskarak Interneteko espazio birtualean baduela bere espazioa deritzote PuntuEus elkarteko sustatzaileek, baina "izanari izena jarri" nahi diote. "Existitzen den euskarazko Internet horri, Interneteko euskararen eta euskal kulturaren komunitateari, ikur bat sortu nahi diogu. Sinbolo bat. Izen bat. Interneteko sareen sarean, euskara eta euskal kultura identifikatzeko balioko duen izen bat", azaldu dute. Azken finean, munduan zehar barreiatua dagoen euskara eta euskal kulturaren komunitateari "nazioarteko aitortza eskainiko dion ikur bat" lortu nahi duelkartea: .eus domeinua. Hori da PuntuEus elkartearen abiapuntua eta helburua.
Ibilbide luzea
Erronka horrek, ordea, ibilbide luze bat eskatzen du. Ibilbide hori luzea izango den arren, bidea ez dela asmatu behar azaldu dute. Izan ere, duela hiru urte pasatxo sortu zen hizkuntza eta kulturak Interneten ikusgarri bilakatzeko lehen domeinua: .cat, hizkuntza eta kultura katalanaren domeinua. Euskararen eta euskal kulturaren Interneteko ikurra lortzeko ibilbidea Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitateak egin behar duela azpimarratu dute, .eus euskara eta euskal kulturaren komunitatearen domeinua izango bada.
Elkartearen iritziz, "aniztasuna" da komunitate horren ezaugarri nagusia, eta euskara eta euskal kultura bere ardatza. "Oraindik bide luzea geratzen zaigu. Ibilbide luzea da, beraz, hasi besterik egin ez duguna", gaineratu dute. Horrela, ibilbide luze horretako "lehen urratsa" da euskara eta euskal kulturaren komunitatea ordezkatuko duen PuntuEus elkartea sortzea. Elkartea izango da .eus domeinua lortzeko eskaria aurkeztuko duena eta, beraz, euskararen eta euskal kulturaren komunitatea "modu esanguratsuan ordezkatu behar du". Orain PuntuEus elkartea zabaldu nahi dute, "denontzako lekua" dagoelako, eta gaurko aurkezpena parte-hartzera gonbidatzeko baliatu dute bere sustatzaileek.