"Lotu independentziara!" lelopean Gazte Martxa izango da apirilaren 10etik 12ra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 30a, 13:18

Nafarroako Estatuaren erresistentzia ikurra den Amaiurretik Lizarra-Garazi akordioaren bigarren zatia sinatu zen eta Ipar Euskal Herriko barnealdearen despopulatze adibide garbia den hirira, Donibane Garazi, Gazte Martxa egingo dute apirilaren 10etik 12ra. Horrela jakinarazi zuten atzo Gazte Independentistek, Ibaetako campusean eginiko agerraldian (mp3). Baina martxa aurretik ere, lan sendoa dutela egiteko azpimarratu zuten, atzotik eta apirilera arte, gazte martxa bitarte. herriz herri "Independentziaren aldeko dinamika" garatuko dutela iragarri baitzuten Gazte Independentistek: "independentziaren alde gazte olatua sortuko dugu, gure herria zapaldu eta ukatzen duten guztiak aurretik eramango dituen olatu gorria". Bide horretan, gazteriari dei egin zioten independentziaren aldeko kamiseta gorriak soinean ipintzera eta, horren aldeko dinamikarekin bat, norberak bere eremutik independentziara lotzera. Argazkian, Ibaetako agerraldia / Gaztesarea.

Gazte independentistek eginiko agerraldian irakurritako testua:

Gaur euskal gazteria guztiari dei egin nahi diogu, bere burua ezkertiar eta independentistatzat duen orori dei egin nahi diogu urrats bat harago ematea dagokigula, bakoitzak dagoen lekutik urrats bat gehiago eman behar duela herri honetara askatasuna ekartzeko. Euskal herritar askeak biziko diren Euskal Herri askea eraikitzeko urrats bat eman behar dugu, Independentziara lotu behar gara!

Hainbat gako egungo egoeraz:

* Porrot egin du bi estatuek Euskal Herriaren aurka eraman duten asimilazio estrategiak. 2009ko gazteria independentista gara horren erakuslerik garbiena.

* Hego Euskal Herrian orain 30 urte saiatutako engainu berbera errepikatzera doaz. Horretarako Espainiako Estatuak PSOEren bidez bi urrats zehatz diseinatu ditu:

Lehena: Nafarroa Garaian UPNrekin eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PNVrekin egungo status quo-a blindatuko duen hitzarmena. Nafarroan egin dute, EAEn martxoaren 1eko hauteskundeen ostean egingo dute.

Bigarrena: Iruzur berri horren aurka diren herri sektoreak antolatu eta dinamizatzeko gai den mugimendu independentista gerra estrategia batekin anikilatzeko saiakera.

* Frantziako Estatuak ipar Euskal Herrian indartzen ari den herri sektore abertzaleen aurkako errepresioa azkartu du. Pauen, Bordelen eta Parisen erabaki nahi dute gure etorkizunaz, erreformaren izenean gure herriaren kudeaketarako genituen espazio apurrak ere osten ari zaizkigu, industriaren garapenerako eskumenik ez, laborantzarako eredu inposatua eta Euskal Herriaz ardurarik ez duten erakundeen esku, euskararen garapenerako itxurakerian galtzen diren EEP bezalako sasi tresnak; Euskal Herriaren errealitatearen desitxuratzea (Zuberoa Baxe Nafarroa eta Lapurditik bereiztuz eta Pauera lotuz).

* Bi Estatuetako gobernuak eta tokian tokiko administrazio bakoitzeko agintariak eskutik ari dira mundu hau eta gure herria miseriara kondenatzen duen eredu kapitalista inposatzen. Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena, etxebizitza eskubidearen ukapena, hezkuntzaren merkantilizazioa, euskararen heriotzarako politikak eta emakumearekiko zapalkuntza patriarkala dira horren adierazle nagusiak Euskal Herrian. Krisiaren aitzakian are gehiago indartu dute langileriaren eta bereziki gazteriaren aurkako zapalkuntza; eurek mozkin bera lortzen jarraitzeko herritarroi gehiago lapurtuz eta krisiaren ondorioak herritarron gain jarriz.

* Errepresioaren neurrigabeko erabilera, inposaturiko ereduaren aurka antolatzen den ororen aurka. Herri sektoreak Independentziaren proiektuaren alde batzeko gai den ezker abertzaleari gerra deklaratu dio nonahi eta edozein aitzakiarekin (kartelak jartzetik hasi eta gure eskubideen ukatzaileak direnei zuzenean erasotzeraino) militante independentistak atxilotuz, torturatuz eta espetxeratuz; preso politikoen kolektiboaren aurkako neurriak gogortuz; razzia politiko-polizial masiboak burutuz... Gainera euren negozioaren sistemari pitzadurak eragiteko gaitasuna erakutsi duen mugimendu sozial anitzaren eremura zabaldu ditu errepresioak atzaparrak. Gazteriaren espazio askeen aldeko borrokak kriminalizatuz, AHTren aurkako mugimendua poliziaren jomugan jarriz, EHLG bezalako tresna propioen kriminalizazioa...

Beraz, gu gara alternatiba; Independentzia da alternatiba:

Baldintzak daude. Gure aurreko belaunaldiari sinestarazi zioten estatuen menpeko egituretan eraiki ahal zela Euskal Herria. Gaur, inork ezin du sinetsi zatiketan eta ukapenean oinarritutako erreforma estatutarioek herri honen biziraupena dakartenik; gaur inork ezin du sinetsi estatuen magalean sortutako kudeaketa tresnek herri honen mesedean lan egin dezaketenik; herri honen gehiengoaren iritzia da estatuek ukatu egiten dutela herri hau eta halabeharrez proiektu politiko oro gauzagarri egingo duen orube demokratikoa eraiki behar dela.

Orube hori da Independentziarako jauzi-ohola. Eta zazpi euskal herrialdeetan inoiz baino gertuago dakusagu Euskal Estatu Sozialista horren eraikitzea. PNVk saldu duen "eroso bizi Espainian" filosofiak porrot egin du, Nafarroan egungo markoa gainditu ezean erabakiak Madrilen hartzen direla agerian dago eta Ipar Euskal Herrian aspaldi ez bezalako olatu abertzale eta herritar baten aurrean gaude (EH Bai hautes formularen lorpena, LAB sindikatuaren gorakada, onarpen instituzionalaren aldeko indar batzea? Egungo ereduari eta zapalkuntzari alternatiba eremu independentistan ari da eraikitzen.

Ahal dugu. Estatuen ukapenaren aurka bezala, gutxi batzuen aberastasuna bilatzen duten AHT bezalako proiektuen aurka; euskararen alde bezala patriarkatuaren aurka; etsaiari eta iruzurra aurre egiten bezala, herriko gaztetxe eta gazte asanbladetan antolatuz...

Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan Darcos ministroaren erreformaren aurkako protestetan lehen lerroa izan gara; UPVko hauteskundeen aurrean ikasleria izan gara merkatuaren mesedera eraikitako unibertsitate eredua salatu dugunak. AHTren aurkako borroka herritarrean izugarrizko ekarpena egiten ari gara egunerokoan negozioaren trenaren inposaketari aurre egiteko, kalean gaituzte enpresari-diruzale-txikitzaile horiek egunero aurre egiten, euskal gazteria ari da musikaren merkantilizazioa salatu eta bere izaera soziala indartzen, gu gara herriz herri zapalkuntzari alternatiba eraikitzen ari gatzaizkionak aisialdian, komunikazioan...

Eta ahal da. Ez ditugu behar politiko profesionalen instituzioak, herritarren beharrak zuzenean aseko dituztenak baizik. Ez dugu behar EiTBk saldutako eta kolore guztitako poliziek zaindutako mundurik... Eta ikusi dugu ahal dela Venezuelan, Bolivian, Ekuadorren... Ahal da eraiki 2009an herritarren beharrei erantzungo dion lege sistema, ahal da eraiki gaurko egunez eredua goitik behera itzuliko duen herri egitura...

Nahi dugu. Bota ditzagun behingoz pikutara horrenbeste urtean gure herrian preso izan gaituzten konstituzio, estatutu eta gainontzekoak. Ezin dugu ogi apurrei begira egon, ezin dugu gutxiago lapurtzeko eskatzen jarraitu, ezin dugu agintariei gezur berriak eskatzen jarraitu, ezin dugu eta ez dugu nahi!

Beraz, eta hori dena kontuan hartuta Lotu Independentziara!

Hurrengo hilabeteetan gazteriari urrats bat harago emateko eskatu nahi diogu. Dei egin nahi diogu euskal gazteriari gehien sentitzen duen eremuan antolatzeko gazte mugimenduaren baitan eta dagokion lekutik Independentziara lotzeko. Modu asko daude horretarako eta denak dira onak. Lotu Independentziara! Gurea da garaipena!

Urtarrila- Apirila dinamika:

Gazte Martxa 2009, apirilaren 10etik 12ra, Amaiur -Donibane Garazi. Lotu Independentziara!

Gaurtik eta gazte martxa bitarte "Independentziaren aldeko dinamika" garatuko da herriz herri. Apirilaren 10etik 12rako egun horietan Nafarroa Garaian hasi eta Baxe Nafarroan amaituko den mendi martxa izango dugu. Inposaturiko bi estatuen muga antzuak gainetik pasa eta Euskal Estatu Sozialistaren aldeko milaka gazte batzeko asmoz.
Martxara errealitate bakoitza bere borrokatik iritsiko da:

Ipar Euskal Herrian asimilazioaren aurkako dinamikarekin jarraituko dugu "Hau ez da Frantzia, hau Euskal Herria da" leloarekin. Hurrengo asteetan orain arte egin bezala sinbologia inposatuaren aurkako borrokan jarraituko dugu. Gainera, gazteria independentista batu asmotan gaualdi bira bat egingo dugu. Lehen gaualdia bihar bertan izango da Donapaulen. Bertan Gazte Martxa 2009ren aurkezpena burutuko dugu eta Zea Mays eta Gle Bul taldeen kontzertua izango da. Hurrengo asteetan iragarriko ditugu gainontzekoak.

Hego Euskal Herrian iruzur autonomistaren aurkako "Euskal Herria ez dago salgai" dinamikarekin jarraituko dugu. PSOEk UPN eta PNVren laguntzaz egin asmo duen iruzurrari eguneroko kaleko dinamikarekin egingo diogu aurre. EAEko hauteskundeek PSOE eta PNVren itun berrirako orubea finkatuko dute eta gure ekarpena egingo diogu egoerari, lortzeko nahikoa indar independentista batzea itun berri hori posible izan ez dadin.

Gainera, Nafarroa bazter utzi asmo dute berriz. Garatuko dugu bertan dinamika propio bat gazteria independentista batzeko. Martxoaren 14ean Olaztin egingo dugun Gazte Nafarrock jaialdia izango da kontuan hartzeko data.

Horiek zehaztuko dute hemendik eta martxara bitarte gazte independentiston dinamika. Norabide horretan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trenaren aurkako borrokan gure ekarpena egiten jarraituko dugu herriz herri. Hezkuntza eredu inposatuen aurka eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde. Berdin, etxebizitza eskubidearen alde, euskararen defentsan, patriarkatuaren aurka...

Baina guztiok independentziara bidean emango ditugu urratsak. Independentziaren alde gazte olatua sortuko dugu, gure herria zapaldu eta ukatzen duten guztiak aurretik eramango dituen olatu gorria. Bide honetan dei egiten diogu gazteriari independentziaren aldeko kamiseta gorriak soinean ipintzea, independentziaren aldeko dinamikarekin bat egin eta kaletik, lanean, ekimenetan, kontzertuetan, bertsotan... bakoitzak bere eremutik independentziara lotzea!

Gaztesareak grabaturiko bideoak:





Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun