Getxoko alderdiek norbere ñabardurak egin dizkiote URA proiektuaren onespenari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 30a, 20:56

Getxoko Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek onespena eman diote, goizeko osoko bilkuran, Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko proiektuaren hasierako trazadura eta ebakidurari. Imanol Landa alkatearen arabera, "beharrezko pausua" da gaur emandakoa, Uraren Euskal Agentziak (URA) uholdeak saihesteko lehendabiziko lanak egiten eta proiektu osoa garatzen has dadin. Oposizioko taldeek ñabardurak egin dizkiote emandako aldeko botoari. Marisa Arrue PPren tokiko bozeramaileak, uriolak ekiditeko bestelako lanak ere beharrezkoak direla adierazi du; Gobela ondoko Itzubaltzeta / Romo, Neguri Langile eta Algortako eremuetan hoditeria eta estolderia sareak hobetzea, besteak beste. Atzo iragarri bezala, aipatu neurriak abian direla erantzun dio Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. Luis Almansa PSE-EEren eledunak, berriz, "oposizioa egiteko auzokideen zoritxarra erabiltzeko prest ez" dagoela aipatu du. "Hala ere, orain ados egotea ez du esan nahi proiektua onartzen ari garenik", zehaztu duenez. Almansaren hitzetan, "oinarrizko ideia bat da onesten ari garena. URA agentziak plana garatu ahala jarriko ditugu mahai gainean dauzkagun zalantzak". Ezker Batuak ere "argi berdea" eman dio URA proiektuari. Baina, "hainbat akats" dituela adierazi du Iñaki Urkiza zinegotzi federalistak. Zehaztapenak zehaztapen, guztiek onartu dute gaurko erabakiak ez duela uholdeen arazoa behin betiko konponduko. Argazkian, jakin-mina handia sortu du gaurko osoko bilkurak.

Udalbatzak hartutako erabakiak abenduan iragarritako premiazko neurriak abiatzea ahalbidetuko du. Neurri horiek dira Leioako Etorbidea, Jolaseta eta Salsiduko zubiak ordezkatzea eta Salsidu, Getxo I institutua, Fadura eta Neguri Langileko inguruetan ibaiaren uberka zabaltzea. Lanak udan has litezke eta urtebetera amaitu, Imanol Landa alkateak iragarri duenez. Horretaz gain, Areetako Plentzia Hiria gunean eragina izango duen aldaketa adostu dute. Hain zuzen ere, Plentzia kaletik eta Gobela metro geltokiko sarlekura arteko uberka tartea estali nahi dute. Gaurko pausua emanda, Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko proiektua garatzen hasi beharko du URA agentziak. Eta ez diruri bide laburra eta erraza izango denik. Egingo diren desjabetzen bere zalantzak dituela adierazi du Getxoko PSE-EEk. Horretaz gain, Areetako Ibaigane kaleko bizilagunei irtenbide bat eman behar zaiela aldarrikatu dute, "egun erreka etxeetatik 50 zentimetrotara daukatelako". Bitartean, PPk berriro aipatu du Gobela ibaia dragatu edota landaretza garbitu beharko litzatekeela. Hirigintza zinegotziak Arrueri gogoratu dionez, "legez kontrakoa izateaz gain, horrek inolako eraginik ez duela izango adierazten duten txosten teknikoak badaude". Udalbatzan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek ekaineko uholdeez geroztik auzotarrek izan duten jokaera eredugarria eskertu dute. Nahiz eta gaur onetsitakoak uholdeen arazoa behin betiko konponduko ez duela aitortu, “soluziorako bidean urrats eraginkor eta beharrezkoa eman" dela esan du Imanol Landa alkateak. Bere hitzetan, "ildo horretatik lanean jarraitzeko puntu bat da".

LZPren berrazterketa

Planteamenduarekin ados egon arren, beste ñabardura bat eman dio uholdeen auziari Christian Reinicke hautetsi independentistak. Bere ustez, Getxo udalerriarena bakarrik ez, Uribe Kosta osoarena da uriolen arazoa. Reinickek azaldu duenez, "Getxora iristen denerako, Berango, Sopela... eta inguru guztiko euri urak jasoak ditu Gobela ibaiak. Lurrak zenbat eta iragazgaitzak izan, orduan eta azkarrago heltzen dira urak errekara". Hori dela eta, eskualdea "hormigoiz bete" nahi duen Lurralde Zati Planaren (LZP) berrazterketa beharrezkoa dela adierazi du hautetsiak. Getxo Bizia herri plataformari aurreko lau urtetan gertatu bezala, orain arte udal batzar amaierako erregu eta galderetako txandan baino ez du parte hartzerik izan ezker abertzaleak; 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetarako Getxoko EAEko zerrenda legez kanpo utzi zutenetik. Uholdeetarako Batzorde Berezian ere parte hartzeko aukerarik ez diete eman. Hortaz, euren proposamenak URA agentzian edota Ingurumen Sailean aurkeztu beharko dituzte zuzenean, Reinickek aitortu duenez. Gutxienez, hautetsi independentistaren irizpidea "interesgarritzat" jo eta "dudarik gabe hori ere kontutan hartu beharko" dutela esan du Landa alkateak. Hala ere, "dagoeneko garapen urbanistikoari mugak jartzen dizkieten sektoreko zatikako planak" egon badaudela gaineratu du udal agintariak.

Alderdikeria

Udalbatzak ordezkaritzarik ez duen arren, bere iritzia eman nahi izan die kazetariei Eusko Alkartasunak. Juan Carlos Perez Getxoko EAren komunikazio buruak "lotsagarritzat" jo du, "asteartean uholdeak egon behar izana, URA proiektua udal batzarrera ekartzeko". Hala ere, gaur adostutakoarekin ados agertu da alderdi sozialdemokrataren ordezkaria. Getxoko PPrentzat gorde ditu hitz gogorrenak Perezek: "lotsagarria da oraindik ere Gobela ibaia dragatzea eskatzen aritzea, horrek inolako eraginik izango ez duenean. Gaur adostutakoak izango du benetako eragina", adierazi duenez. "Alderdikeriaz" jokatzea leporatu dio PPri Getxoko EAk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun