Oro har, positiboki baloratu dute auzotarrek Getxoko Uholdeetarako Batzorde Berezian parte hartzen duten guztiek egindako lana; baita, arrazoiak arrazoi, Udalean ordezkaritzarik ez izateagatik horretan egon ezin diren Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalearena ere. Hala ere, uriolen kalteak jasandako bizilagunek ere argi daukate gaur erabakitakoak ez duela arazoa konponduko. Besteak beste, Neguri Langile, Salsidu, Zubilleta eta Larrañazubiko auzotarrek hartu dute hitza amaierako erregu eta galderetako txandan; horietatik batzuk negarrari eutsi ezinik. Izan ere, egonezina handia da euren artean. Jakinarazi dutenez, urak gainezka egiteko arriskua dagoela, hainbati gertatu zaio aseguru-etxeak poliza egin nahi ez izana. Irtenbidea "erraza ez" dela badakite auzokideek. Udalak beste etxe batean ostatu eman diezaiela eskatzea ere ez dute baztertzen; eta horrela jakinarazi diote alkateari. "Aukera ezberdinak aztertu eta horren arabera erabaki" egingo dutela erantzun die Landak. Argazkian, kaltetutako auzokideetako bat erregu eta galderetako txandan.