Minbizia izan arren, aske uzteko aukera ukatu diote Zigor Goikoetxeari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 30a, 22:42

Barrabiletako minbiziak eta fibromialgiak jotako Zigor Goikoetxea preso getxoztarra askatzea eskatu zuen Alfontso Zenon abokatuak, urtarrilaren 21ean, bere kontrako epaiketa bertan behera gelditu zenean. Hala ere, eskaerari uko egitea erabaki berri du Pedro Martinez Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, "delitu egiten jarraitu dezakeenaren arriskua" dagoela argudiatuta. "Gara" egunkariak zabaldutakoaren arabera, Auzitegi Bereziak hartu beharko du orain eskaeraren gaineko erabakia. Minbizia eta fibromialgia kontu batengatik ebakuntza egin zioten Goikoetxeari 2007ko ekainean. Urrian, berriz, atxilotu egin zuten eta bere egoera medikoa kontutan hartuta baldintzapeko askatasunean utzi zuten. 2008ko abuztuan, ordea, berriro atxilotu zuten, San Lorentzo eguneko Algortako azokan, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak bere kontra irainak bota zituela jarritako salaketaren ondorioz. Egun epaiketa horren zain dago Azkorriko mutila, urtarrilaren 21ean atzeratu ostean. Argazkian, epaiketaren bezperan kontzentrazioa egin zuten Algortan, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko.

Abenduaren 2an, Segoviako (Espainia) espetxeko funtzionarioek konorte barik topatu zuten Zigor Goikoetxea, patio ordua amaitu eta ziegara bueltatzeko bere bila joan zirenean, bertan bakarrik zegoela. Goikoetxeak berak jakinarazi zien telefonoz etxekoei. Berehala, kartzelako erizaintzara eraman zuten eta "gainetik begiratu ostean" bizimodu normalean jarraitu zuen, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun