Palestinaren aldeko mozioa eraman zuten atzoko udal batzarrera Christian Reinicke eta Mari Espe Fuertes Getxo udalerriko hautetsi independentistek. Hala ere, Imanol Landa alkatea ez zuen eztabaidan sartu nahi izan. Hori bai, Gazako sarraskiari "lazgarria" iritzi zion. Udal agintariak adierazi zuenez, "betidanik esan dut atzerriko gaiak tratatzeko foro egokia ez dela hau, badaude egokiago batzuk. Holakoei atea zabaltzen badiegu, amaiezina izango litzateke gai zerrenda. Gainera, nahikoa gai badaukagu udalerrian". Dena den, udal agintariak kontrakoa iritzi arren, ez dira horren arrotzak horrelako gaiak tokiko osoko bilkuretan. Salbuespena izango da agian, baina 2005eko ekainaren 24an aho batez onartu zuen Getxoko Udalbatzak Sahararen aldeko adierazpena. Halaber, hainbat izan dira azken urteetan, Munduan zehar izandako hondamendiak arintzeko Gobernu Batzordeak bideratutako diru-laguntzak. Eta Israelen kontrako boikota mahai gainean jarrita, Getxoko Kultur Etxeak berak ekarri zuen Algortara, 2008ko uztailaren 10ean, Avishai Cohen kontrabaxu-jole israeldarra, Getxoko Nazioarteko Jazzaldian jotzeko. Askotan ekintzek hitzek baino gehiago adierazten dute. Argazkian, urtarrilaren 18an 200 bat lagun manifestatu ziren Algortan, Askapenak deituta, Palestinarekiko elkartasuna adierazi eta Israeli boikota egiteko deia zabalduz.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!