Espainiako Poliziaren jazarpena jasan dute Gijonen plentziar bik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urt. 31a, 20:36

Espainiako Poliziak plentziar bi atera zituen, joan zen asteazkenean (urtarrilak 28), Gijongo (Asturias) Molinon futbol zelaitik, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzaleak jakinarazi duenez. Sporting eta Athletic-en arteko Espainiako Kopako partida ikusten ari ziren eta, dirudienez, euskal preso politikoen aldeko ikurra zeramaten. "Gela batera eraman eta, identifikatu ostean, Kirolaren Legeak (66. artikulua) debekatzen duen sinbologia erakustea leporatu zieten", ezker abertzaleak azaldu duenez. Gauza bera egin zioten Bilboko Indautxu auzoko gazte bati. Horrek poliziak jo zuela salatu ere egin zuen. Bitartean, "harmailan entzundako abesti eta hainbat zalek erakutsitako ikur nazi-faxistei buruz, ez zuen ezertxo ere jaso aktan Gonzalez Vazquez arbitroak", Sare Antifaxistak salatu duenez. Hilaren 13an, Plentziako beste gazte batek deklaratu behar izan zuen Bilboko epaitegian, Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak bere aurka jarritako salaketaren ondorioz. Mutil horri "bandera espainiarra laidotzea" leporatzen diote, 2007ko abenduan, Euskal Herria eta Katalunia arteko futbol partidan horrelako bat erretzen ibili zelakoan. Argazkian, hainbat lagun Espainiako bandera erretzen / Piztu!

Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzaleak salatu duenez, "deklaratu behar izan duen hirugarren aldia da azken hori. Aurretik, Bilboko San Inazio auzoko ertzain etxetik eta Getxoko epaitegitik igaro da gaztea. Kalez jantzitako bi ertzainen galderei ere erantzun behar izan zuen, bere lantokian". Horiek guztiak eta beste hainbat gai urtarrileko balantzean (pdf) jaso dituzte. Horretaz gain, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko ezker abertzalearen ahotsaren 2008ko urtekaria laster egongo da sarean. Urte osoan zehar gertatutako gorabeherak (atxiloketak, hauteskundeak, herri ekimenak, burututako mobilizazioakā€¦) jarriko dituzte bertan. Dena den, ale bat jasotzeko, ondoko helbide elektronikoan eskatu beharko da: piztupgl@euskalerria.org.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun