Eli Zubiaga Kordobako espetxera eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 2a, 17:24

Dagoeneko sakabanatzen hasi dira urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak atxilotutako zortzi lagunak, "Gara" egunkariak zabaldu duenez. Horien artean, Eli Zubiaga algortarra eta Iker Rodrigo lutxanarra atzeman zituzten, Baltasar Garzon epailearen aginduz; baita Arantza Urkaregi EHUko irakaslea ere. Guztiei, Batasuneko zuzendaritza berria osatzen jardutea leporatzen diete, D3M plataforma eta Askatasuna alderdia martxan jartzearekin batera. Horretan oinarrituta, "erakunde terroristako kidetzat" jotzen dituzte. Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxera bisitan joan direnean jakinarazi diete etxekoei euren familiarrak bertan ez zeuzkatela. Gararen arabera, antza, lau gizonak kartzelaz aldatu dituzte jada; horietako bat Valdemoron (Madril, Espainia) legoke. Bitartean, emakumeetako bi ostiralean aldatu ei zituzten. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Eli Zubiaga gaur goizean atera dute Soto del Realdik, Kordobako espetxera eramateko. Azken hori Getxotik 818 kilometrotara dago. Bitartean, ostiral honetarako, otsailak 6, "salbuespen egoeraren kontrako" ekitaldi politikoa eta manifestazioa deitu ditu Algortan ezker abertzaleak; eskualde mailakoa berau. Arratsaldeko 8etan jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Argazkian, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo eta gainontzeko sei lagunen askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa Algortan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun