Otsailaren 27ra arte egongo da zabalik BBKren Haur Eskoletan 2009-2010 ikasturterako izena emateko epea. Guztira 887 plaza eskainiko dituzte 0 eta 2 urte arteko neska-mutilentzat, erakundeak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi duenez. BBKren Haur Eskola sarea erakundearen 15 ikastetxek osatzen dute. Horietatik hiru Uribe Kosta eskualdean daude: Algortako Olarretxe kaleko 33. zenbakian, Itzubaltzeta / Romoko Ezekiel Agirre kaleko 21. atarian eta Leioako Ikea kaleko 13.ean, hurrenez hurren. BBK-ko Haur Eskolen arduradunen arabera, hezitzaileak "ardura osoz" aritzen dira ongi prestatutako geletan, "garapenerako giro bikaina sortuz". Euren seme alabak bertara eraman nahi dituzten sendiek BBKren web-orrian (www.bbk.es) eskuragarri dagoen eskaria bete eta eskoletara eramatea besterik ez dute. Argazkian, hainbat ume haur-eskolan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!