"Urtetan zehar ehunka mila izan dira Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik gabe, bertaratu diren familiak. Horien guztien artean, hainbestek eta hainbestek, euskal herritarron ongietorria ongi baino hobeto hartuz eta ulertuz, ekarpen goraipagarria egin diote gure hizkuntzari. Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi, gure kulturaz gozatu, berari ekarpen euskalduna egin, eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek izan nahi ditu gogoan", azaldu dute Korrika 16ren antolatzaileek. Horrela, omenaldi hau bi ardatz nagusi kontuan harturik planteatu da: batetik, egin duten ekarpenagatik eskerrik zintzoena eman nahi zaie; bestetik, beraien guztien ekarpena eta konpromisoa azaleratu nahi da, kanpotik datozen familientzako eta berton jaiotako eta hazitako familia oraindik ez euskaldunentzako eredu izan daitezen.
Bestalde, Euskal Herritik joan behar izan dute eta euskara galdu duten familiak ere badaudela gogoratu du. Hala ere, "zorionez, hauen artean ere badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten familiak". "Horiek guztiak ahazteak ez lioke geure omenaldiari behar duen osotasuna bermatuko. Bihoakie beraz, euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere, Korrika 16ren omenaldi xumea", gaineratu dute.
Dokumentala
Korrikaren edizio honek berrikuntza bat dakar, omenaldi ekitaldia ez baita, azken edizioetan ohi bezala, kultur ikuskizun bat izango, edizio honetako omenduak protagonistatzat dituen "Bidaia intimoak" dokumentalaren estreinaldia baizik. Korrika 16ren omenaldi horren isla izan nahi du dokumental honek. Bilboko Euskalduna Jauregian estreinatuko da datorren larunbatean, otsailak 7, 19:00etan. Dokumental honen protagonistak Euskal Herrira etorritako lau pertsona dira: Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa. "Euren bizitzetan euskaldun asko eta asko identifikatuta sentituko direla uste dugu, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski", azaldu dute.
Protagonistei dagokienez, Mixele Lapurdin jaio zen, euskaldun, baina ama hizkuntza frantses eskola publikoaren eraginez galdu zuen haurtzaroan. Gaztetan berreskuratu ondoren, gaur egun irakasle da Itsasuko AEKn. Bestalde, Rami Aljeriako ber-berea da, gaztetan Parisera ikasketak egitera joana. Han ezagutu zuen Goizuetako neska batek ekarri zuen Euskal Herrira eta euskarara, eta gaur egun Goizuetan bizi da, euskaraz. Jesus Marik euskara izan zuen ama hizkuntza, baina txikitan Ermuan eta gero Gasteizen bizitzearen ondorioz, galdu egin zuen euskara, eskolaren eta kaleko lagunen eraginez. Baina euskaldun eta abertzale sentitzen zen eta horrek bultzatu zuen euskara berreskuratzera, soldaduskatik bueltan. Tereixa, berriz, Galizian jaiotakoa da, baina, beste asko bezala, Bilbora etorri zen lan bila. Ikastoletan irakasleak behar zirela jakinda, berehala hasi zen euskara ikasten eta gaur egun Portugaleteko Asti Leku ikastolan dihardu lanean.
Horiek dira dokumentaleko lau protagonistak, "esan bezala, beste milaka lagunen isla, eta ahaztu gabe eman nahi dizkiegu eskerrak Korrika 16ren eskariari abegikortasunez erantzun diotelako, aktore izan barik eta zinemaren munduarekin inolako loturatik eduki gabe, prest agertu direlako Korrika 16ri ekarpen polit hau egiteko". Bestalde, Korrika 16ren ongietorria jasotzea nahi duten horietako bat da dokumental honen egilea ere. Izan ere, Jon Maiaren eta bere familiaren ibilbideak "ondo baino hobeto" islatzen du Korrika 16ren omenaldiaren espiritua, "eta horrexegatik eskaini genion berari "Bidaia intimoak" izenburutzat duen dokumental hau egiteko ardura".