Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformarekin eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta dauden 13 lagun auziperatu ditu gaur Baltasar Garzon epaileak, "ETAren esanetara" egotea egotziz. Haietariko bi dira Lidia Barcena Aurrekoetxea erandioztarra D3Mko kidea eta Urtzi Vidal Astobiza Itzubaltzeta / Romoko auzokidea, "El Correo Español", "Deia", "El Pais", "ABC" eta hainbat komunikabidek Askatasuneko Bizkaiko zerrendaburua izango zela iragarri zutena, nahiz eta egia ez izan. Hamahiru lagun horiek ostiral honetan, hilak 6, aurkeztu beharko dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegian, Baltasar Garzon beraren aurrean deklaratzeko,
berria.info-k zabaldu duenez. "Hauteskundeetako helburu politikoekin Batasunaren eta Ekinen aginduetara" aritzea, "ETAren esanetara" ibiltzea eta, finean, "talde terroristako" kideak izatea leporatzen die Garzonek, urtarrilaren 23an egindako operazioari jarraipena emanez. Gau horretan Espainiako Polizia Nazionalak 8 lagun atxilotu zituen, tartean Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra eta Arantza Urkaregi EHUko irakaslea. Tartean, Espainiako Gobernuak Estatuko Abokatuari agindu dio D3Mren eta Askatasunaren aurka egin dezala Espainiako Auzitegi Gorenean. Argazkian, Espainiako Poliziako agente bat Itzubaltzeta / Romon, Iker Rodrigo atxilotu zuten gauean.