Arkaitz Goikoetxeari 22 urteko espetxe zigorra jarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 3a, 21:02

Arkaitz Goikoetxea preso getxoztarrari 22 urteko espetxe zigorra jarri berri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Azkorriko mutila abenduaren hasieran epaitu zuten, beste sei mutil bizkaitarrekin batera. 2001eko abuztuaren 5ean Portugaleten izan ziren kale istiluetan, ertzainen auto baten kontra koktelak bota izana "frogatutzat" jo du epaileak; baita poliziei "heriotza eragiteko asmoz" egin zutela adierazi ere. Goikoetxea "gertaeren inguruan hartutako txano batean aurkitutako ADN aztarnei esker" kondenatu dutela adierazi du Colpisa albiste agentziak; "epaileak aurretik baimendu gabe hartutako froga" dela aitortzen duen arren. Epaiketan, erabili duten ADN froga "inolako balio juridikorik ez" duela aipatu zuen getxoztarraren abokatuak; baita Ertzaintzari "tranpa egitea" egotzi ere. Egun, Villenako espetxean (Alacant, Herrialde Katalanak) preso dago Goikoetxea. Uztailaren 22an atxilotu zuten, ETAren Bizkaia komandoko kide delakoan. Argazkian, Goikoetxea eta beste hiru gazteen atxiloketak salatzeko Algortan egindako mobilizazioetako bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun